Berrizko herritar batzuek osasun zentroko itxaron gela hartu dute eguerdi honetan, mediku faltaren arazoari konponbidea ematea eskatzeko ekintza modura. "Itxialdia" hastea erabaki dute, "Osasun Saileko arduradunen batek egungo egoerari buruzko erantzun argiak eman arte eta gure herrian osasun-arretaren arazo larri hori konpontzeko zer neurri hartuko dituzten argitu arte". Osasun zentroa hartu duten kideetariko gehienak pentsiodunen mugimendukoak dira, eta eguerdian sartu dira kontsultategiko itxarongelara, astelehenero 12:00etan egin ohi duten elkarretaratzea bukatuta. "60 sartu gara eguedian. Momentu honetan 25 bat gaude", azaldu dio itxialdiko kideetariko batek ANBOTOri. "Txandaka antolatuko gara, sartu-irtenak elkarren artean koodinatzen, eta denbora igaro ahala erabakiko dugu itxialdia noiz arte luzatu. Gaua hemen igaro behar badugu, igaroko dugu", azaldu dute.
Osasun Sailak duela egun batzuk adierazi zuenez, urriaren 1ean bigarren mediku bat arreta eskaintzen hastekoa zen Berrizen, baina ez da halakorik gertatu. Horrez gainera, Berrizko EAJk ere bere kexa adierazi zuen joan zen astean. "Iruzurtuta" sentitzen zela esan zuen udalerriko talde jeltzaleak. Bestalde, osasun zentroak izan beharko lituzkeen hiru plazak "bete ditzala" eskatu zion Osakidetzari. Izan ere, biztanle kopuruagaitik hiru plaza bete behar direla gogoratu zuen EAJk. "Berrizek behin betiko eta premiazko konponbidea behar du, gure herritarrak merezi bezala artatuak izan daitezen", gehitu zuten.