Osakidetzak Berrizko Osasun zentrora bigarren mediku bat batuko zela iragarri zien Berrizko eta Garaiko alkateei eurekin egindako batzar batean eta mediku hori urriaren 1ean hasiko zela zehaztu zien. Baina ez da horrelakorik gertatu eta Berrizko EAJ udal taldeak bere "ondoeza" adierazi du ohar baten bidez. "Osakidetzaren komunikatuaren ondoren, ulertu genuen eta espero genuen bigarren postua betetzeko mediku bat urriaren 1ean lanean hastea ziurtatuta zegoela, baina ez da horrela izan. Aitzitik, urriaren 1ean ez zen medikurik egon osasun zentroan, ez bat, ez bi, ez hiru", salatu du.
Egoera horren aurrean, "iruzurtuta" sentitzen dela dio, honako arrazoi hauengaitik: "Jakinarazitakoa ez betetzeagatik, herritarrengan eta gugan sortutako itxaropenak ez betetzeagatik, urriaren 1ean bigarren lanpostua beteta ez izateagatik eta egoera hori herritarrek eta Udalak berak aldez aurretik horren berri izan gabe gertatu delako".
Horiek horrela, "jakinarazitakoa betetzea" ez ezik, osasun zentroak izan beharko lituzkeen hiru plazak "bete ditzala" eskatu dio Osakidetzari. Izan ere, biztanle kopuruagaitik hiru plaza bete behar direla gogoratu du. "Berrizek behin betiko eta premiazko konponbidea behar du, gure herritarrak merezi bezala artatuak izan daitezen", gehitu du.