Durangaldeko osasun zentroetan dagoen mediku faltak mobilizazio ugari eragin ditu azken asteetan. Berrizi, esate baterako, hiru mediku dagozkio eta bakarra ari da lanean. Berrizko eta Garaiko guneari "lehentasunezko soluzioa" emateko, Osakidetzako zuzendaritzak, Susana López Altuna zuzendari nagusia buru zela, eta Maite Martínez Asistentzia Sanitarioko zuzendariak, Josune Retegi Giza Baliabideetako zuzendariak eta Xabier Ibarzabal Ekonomia eta Finantzako zuzendariak lagunduta, bilera bat egin du Orlan Isoird (Berriz) eta Erramun Osa (Garai) alkateekin. Prentsa oharrean azaldu dutenez, egungo egoera eta etorkizuneko planak azaltzea eta eskualdeko osasun-laguntza hobetzen aurrera egitea" izan dira batzarraren helburuak .
Bileran, Osakidetzak Berrizko eta Garaiko alkateei iragarri dienez, urriaren 1ean beste mediku bat lanean hasiko da Berrizko osasun zentroan. Beraz, osasun zentro horri dagozkion Familiako eta Komunitateko Medikuntzako 3 plazetatik 2 beteta egongo dira. Osakidetzak argitu duenez, horietako bat, gaur egun, ordezko mediku batek betetzen du, titularraren ustekabeko baja baten ondorioz. Gainera, aurreratu diete Berrizko kontsultategiari dagokion hirugarren plaza BAME berriak kontratatzea barne hartzen duen iraileko Familiako eta Komunitateko Medikuntzaren eskaintzan sartuta dagoela. "Osakidetza plaza hori betetzen saiatuko da, 4.500 biztanle inguru artatzen duen zentro horretako medikuen plaza guztiak betetzeko", azaldu dute batzarrean.
Osakidetzak Berrizko osasun zentroan gertatzen ari den mediku faltaren inguruan azalpenak eman ditu: "Berrizko kontsultategiko Familiako eta Komunitateko Medikuntzako espezialistez plazak betetzeko orduan une honetan gertatzen ari diren aldaketak Osakidetzako langileen plazak finkatzeko prozesuaren ondorio dira; zehazki, 2020ko, 2021eko eta 2022ko EPEetako lanpostuak berrezartzeko eta egonkortzeko plazak esleitu aurreko lekualdatze-lehiaketaren ondorio".
Garai osasun zerbitzu barik
Osakidetzak, Garaiko bizilagunen "osasun-laguntza hobetzeko lanean jarraitzeko konpromisoa" agertu du;