Julene Illarramendiren esanetan, Inurrik hasieratik eduki ditu ideia desberdinak, eta, egin ahala, berriak pentsatzen eta gauzatzen joan dira. Horrela, 'Tabuaren kutxatik oholtzara' bertso saio solidarioak antolatzeari ekin zioten. Elkartasun ekimen honek berezitasun bat du: gaiak minbizia dutenek, lehenago izan dutenek, edo gaixoen kide edo laguntzaile direnek proposaturikoak dira, gero Amaia Agirre gai jartzaileak plazaratzen dituenak. Berrizen abenduaren 3an egingo dute saioa, eta bertan Miren Amuriza berriztarrak, Iruri Altzerreka garaitarrak, Alaia Martinek eta Oihana Bartrak kantatuko dute. "Ezin da berbaz azaldu saio hauetan bizitzen dena, esperientzia desberdin bat dira. Gora eta behera eramaten zaituzten bidaiak dira, hustu eta bete egiten zaituztenak. Umorezko gaiak daude, barrea eragiten dutenak, baina badaude gogorrak ere, negarra eragiten dutenak. Oso saio bereziak dira", azaldu du Illarramendik.
2022an ekin zion Inurri elkarteak ekimen hau prestatzeari, Ane Labaka bertsolariaren laguntzagaz. "Elkartasunezko bertso saio bakarra egitea zen asmoa, eta urtarrilean egin genuen, Donostian, Doka aretoan. Sarrerak zazpi minutuan saldu ziren, eta jendea gogotsu geratu zen", esan du Illarramendik.
Lehehengoa Dokan
Saio hori egin eta gero, beste hainbat egin dituzte, "hogei inguru", azaldu du gipuzkoarrak. Boluntarioen eta udalen lana goraipatu du, eta eskerrak eman dizie horiei. Baina uste du instituzioetatik gehiago egin daitekeela: "Norbanakoek laguntzea oso garrantzitsua da, eta bakoitzak ahal duena eginez lagundu dezake. Baina garrantzitsua da laguntza hori erakundeetatik ere ematea". Berriko Kultur Etxeko emanaldirako sarrerak 8 euroan daude salgai.
Berrizko saioan lau emakume izatea ez da kasualitatea. "Minbiziak inposatzen duen isiltasun eta estigmari emakume izateari loturikoa gainjartzen zaio. Euskal kulturan ere, tamalez, emakume ahotsaren espazio eta prestigio falta nabarmena izan da historikoki, eta gure proiektuak egoera horretan ere eragile izan gura du", azaldu dute Inurritik.