Eder Lombak Rainman eskalada bidea igo du, Erresuma Batuko biderik zailena

Anboto 2022ko mai. 18a, 09:27

Orain arte igo duen zailtasun maila handieneko bidea da, 9b mailakoa.

Urtebetean Erresuma Batuko eskalada biderik zailenak igo ditu Eder Lomba Lopez de Ipiñak  (Berriz, 1994). Denak Malham Cove eskalada paretean daude. Iazko apirilean 9a zailtasun mailako Rain Shadow igo zuen, betidanik amestutako bidea. Handik hilabetera Batman bidea konkistatu zuen, oraindino zailtasun handiagokoa: 9a/+. Orduan aurreratu zuen hurrengo erronka Rainman zuela, Erresuma Batuko biderik zailena, 9b mailakoa. Joan zen barikuan menderatu zuen pareta hori ere.

Eskaladako bideak 35 metro inguruko garaiera du. Lehenengo 20-25 metroak dira gatxenak, Lombaren esanetan. Horiek gainditu zituenean eta gora heldu aurretik emozionatu egin zela onartu du. Atseden gune batean hiru bat minutu eman zituen emozioak kontrolatzen (bideoan 8:30etik aurrera ikusi daiteke une hori).

Aurrera begira, momentuz ez du erronka berririk hortzemugan. Erresuma Batuan eskalada entrenatzailea da, bertako gazteak prestatzen dabil eta orain zeregin horretan zentratuko dela adierazi du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!