ESKALADA

[BIDEOA]: “Nire bizitzako unerik onenetarikoa izan zen"

Joseba Derteano 2021ko api. 18a, 10:30

Ingalaterrako Sheffield herrian The Foundry rokodromo prestigiotsuko eskalada irakaslea da Eder Lomba Lopez de Ipiña berriztarra (1994). Eskalatzen hasi zenetik desio bat zuen, Rain Shadow eskalada bidea igotzea eta ametsa egia bihurtu du.

Igo duzun eskalada bidea non dago eta zergaitik aukeratu zenuen?
North Yorkshire-en dago, Sheffield-etik ordu bira, iparralderantz. Eskalada pareta Malham Cove deitzen da eta eskalada bidea Rain Shadow. 9a mailako bidea da. Maila horretako bide bat igotzea nire ametsa izan da betidanik. Eskalatzen hasi nintzenean, youtube-n begira, Ben Moon eskalatzailea igo dudan paretean eskalatzen ikusi nuen eta ikaragarria iruditu zitzaidan. Horregaitik aukeratu dut.

Prestaketa handia eskatu dizu?
Hasieran, lehenengoz joan nintzenean, intimidatuta sentitu nintzen. Oso gatxa iruditzen zitzaidan. 23 bat egunetan probatu nuen igo aurretik. Eguraldi txarra eta konfinamendua kontrako beste faktore bi izan dira. Baina, egia esanda, erronka hain handia denean, lortu ostean uzten dizun aho zaporea oraindino gozoagoa da.

Zein da igoeraren punturik gatxena?
Bideak 25-30 metro inguruko luzera du. Zailtasunik handiena puntu batean kontzentratuta dago. Horma kanporantz jausita dago eta helduleku txikiak daude. Behin eta berriro jausten nintzen han eta desesperagarria zen.

Behin behintzat igaro zenuen puntu gatx hori.
Bai, eta igaro nuen egunean banekien gora helduko nintzena. Ordutik gora heldu arteko denboran, gozatu egin nuen. Azkenengo helduleku biei ekin aurretik, atseden txiki bat hartu nuen eta nire bizitzako unerik onenetarikoa izan zen. Ez nuen atsedenik behar, baina momentua gozatu gura nuen. Negar apur bat ere egin nuen.

Eskalatzaile gutxik igo dute bide hori. Zerrenda txiki eta pribilejiatu bateko parte zara orain.
Bai, itzela da. Steve McClure-ek eta Ben Moon-ek zorion mezuak bidali dizkidate. Ilusio handia egin dit eta ondo gordeta ditut.

Erronka berri bat prestatzen zabiltza?
Bai. Oraindino bide gatxago bat igo gura dut, 9b mailako bat. Eskalada gune eta bloke berean dago. Nire dohainetara ondo egokitzen den bidea da eta itxaropentsu nago, baina argi dut oraindino lan handia daukadala aurretik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!