Oraindik erronka zailagoa egin du Eder Lombak: 9a/+ mailako 'Batman' eskalada bidea igo du Erresuma Batuan

Joseba Derteano 2021ko mai. 12a, 11:11
Eder Lomba 'Batman' eskalada bidea igotzen.

9a mailako Rain Shadow bidea igo eta hilabetera lortu du konkista berria.

Eder Lomba Lopez de Ipiñaren (Berriz, 1994) azken asteetako lorpenek hedabide askoren eta eskalada munduaren arreta erakarri dute. Erresuma Batuko eskalada biderik gatxenak konkistatzen ari da. Orain hilabete inguru Malham Cove pareteko Rain Shadow eskalada bidea igo zuen, 9a mailakoa. Joan zen domekan, oraindino erronka gatxagoa gainditu zuen pareta berdineko Batman bidea igota. Zailtasun maila handiagoko bidea da: 9a/+. "Igarobide gogorragoak ditu eta jausteko toki gehiago daude", azaldu du berriztar gazteak. Hala ere, bere dohaietara "hobeto" egokitzen den pareta zen oraingo hau.

Datu esanguratsu bat: Batman pareta igo duen bigarren eskalatzailea da. Aurretik, Steve Maclure eskalatzaile mitikoarena bakarrik zen ohore hori.

Biderik zailenaren bila: Rainman

Lomba ez da konformatzen orain arte lortutakoagaz eta gehiago nahi du. Erresuma Batuko eskalada biderik zailenaren bila doa: 9b mailako Rainman. Behin baino gehiagotan entrenatu da bide horretan. "Aurrerapausuak egiten nabil" dio.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!