"Pilotak behar banau beti aurkituko nau"

Joseba Derteano 2021ko uzt. 16a, 09:40

Laguna duen Oinatz Bengoetxeagaz osatuko du bikotea, eta biek Joseba Ezkurdia eta Xabier Tolosa izango dituzte aurkari. Ibilbide luze baten amaiera izango da. Ibai Zabalak (Berriz, 1987) 21 urtegaz debutatu zuenetik, denerik bizi izan du: irabazitako txapela, galduriko final biak, makina bat lesio… Pilotarien eta enpresaren arteko gatazkan esku hartzea ere egokitu zaio.

Mundu honetan ezer ez da betiko eta heldu zara helmugara pilota profesionalean.
Heldu gara, bai. Nik, zorionez, bide luzea izan dut, gaur egun profesionaletan 13 urte egitea asko da eta. Pribilegiatu bat naiz.

2008ko maiatzaren 23a, Elorrioko pilotalekuan debutatu zenuen eguna. Nork esango zion 21 urteko gazte hari hainbeste iraungo zuela.
Egun horren aurretik ez nuen pentsatzen profesional izatera helduko nintzenik. Hori lortu nuenean sekula ere ez nuen pentsatuko 13 urte egingo nituenik eta lehenengo mailan jokatuko nuenik. Helburu errealistak izan ditut beti eta horrek on egin didala uste dut. Sarritan helburuak lortu ezik frustratzioak etortzen dira eta frustrazio horiek norbere kontra jokatu dezakete. Niri ez zait hori pasatu. Umiltasunez eta larregi zoratu barik ibili naiz, pausoz pauso eta lan eginez.

2008ko maiatzaren 23an Elorrioko frontoian debutatu zuen eguneko irudia.

Iazko elkarrizketa batean, pilotarien eta Baiko enpresaren arteko liskar hartako negoziazioetan parte aktibo izan zinenean, galdetu nizun ea frontean egote horrek ondorioak ekarri zitzakeen eta zure erantzuna “seguruenik bai” izan zen. Susmo haiek orain konfirmatu dira?
Hori neuk esatea ez dut uste egokia denik. Nire lana da nire balioa kantxan erakustea eta oso ondo jokatzen nabil. Nirea ematen dut, gazteei laguntzen diet… Azken batean, nire lana ondo egiten nabil eta, hala ere, kontratua berritzen ez badidate, bada, euren arrazoiak izango dituzte. Zuk aipaturiko hori faktore inportante bat izan dela? Nik baietz uste dut, baina uste bat baino ez da. Aitak esaldi on bat esan zidan behin: “Ibai, zuk albarana aspaldi egin zenuen, orain faktura jasotzea baino ez da falta”. Baliteke horrela izatea. Baina, tira, bizitza honetan egiten dugunaz kontsekuenteak izan behar dugu eta nik banekien ondorioak zeintzuk izan zitezkeen.

Gatazka hartatik denporatxo bat joan da eta, perspektiban begiratuta, zure figurak indartuta irten zuela esango nuke. Berdin uste duzu?
Azken hileetan jasotzen nabilen maitasun hori Ibai Zabala pilotariak barik Ibai Zabala pertsonak lortu du. Pilotazaleen partetik zorion eta esker on mezu asko jasotzen nabil, bai kantxan bertan eta baita sare sozialetan ere. Kiroletik harago pertsonengan aletxo hori utzi duzula sentitzea pozgarria da. Ez dago horren moduko txapelik. Azken batean, maila apaleko pilotaria izan naiz. Ez naute gogoratuko nire jokoagaitik. Orduan, persona lez eta balore kontuetan pilotazaleengan eta enpresako kideengan nire arrastoa utzi badut eta bihar-etziko pilotarientzat bide bat zabaltzen lagundu badut, bada, hori pozgarria da niretzat.

Agur partidua Zornotzan jokatuko duzu, 2009an bigarren mailako binakako txapelketako finala galdu zenuen frontoi berean.
Herrikide baten kontra galdu nuen, gainera, Asier Berasaluzeren kontra. Enpresa Masterreko jaialdi bat Zornotzan saltzen ahalegindu zela eta ez zuela lortu enteratu nintzen. Karmenen bueltan partidurik ez egotera eta nire erretiroa orduantxe zenez, zeozer lortzen ahalegindu behar nuela pentsatu nuen. Nik nire bideetatik jo nuen eta Iñaki Izagaz [pilotari ohia eta zinegotzia Zornotzako Udalean] hartu-emanetan ipini nintzen. Nire inguruan erretiratu gura nukeela eta Zornotzako frontoia egokia iruditzen zitzaidala esan nion. Ez datengaitik bakarrik, baita edukieragaitik ere. Oso aukera ona zen. 420 bat ikusle hartu ditzake %60ko edukieran. Berrizko frontoia, esaterako, oso txiki geratuko zen. Azkenean asmoak aurrera irten du eta eskerrak ematen dizkiet Izari eta udalari egindako lanagaitik.

Oinatz Bengoetxea izango duzu bikotekide. Zeuk aukeratu duzu?
Bai, neuk aukeratu dut bikotea. Argi nuen Oinatzegaz jokatu gura nuela. Gauza asko bizi izan ditut beragaz kantxan eta kantxatik kanpora, eta hartu-eman estua dugu. Nahikoa antzekoak gara gauza askotan. Gero, Aspek Ezkurdia eta Tolosa proposatu zituen aurkari lez eta oso partidu egokia iruditzen zait. Irabazi ala galdu, ikuskizun on batek irtetea gura nuke.

Ezkurdia sasoian badago, beharbada lana sendo egitea egokituko zaizu.
Bai horixe! Hala ere, enpresaren hasierako proposamena hauxe zen: Ezkurdia eta biok Bengoetxearen eta Zabaletaren kontra. Zabaleta atzean. Azkenengo partidua zela eta, mesedez, aldatzeko eskatu nien.

Profesionaletan txapel bat irabazita erretiratuko zara. 2010ean, Labriten, Iker Arretxegaz bigarren mailako txapelketa irabazi zenuen. Orduko kronikek diote maila bikaina eman zenuela. Horrela gogoratzen duzu?
Finalean eta txapelketa guztian jokatu nuen oso ondo. Sasoian nengoen. Txapelketa hori jokatzen nenbilen bitartean lehenengo mailan ere jokatu nuen, ordezkapenak egiten. Nire debutean Oinatzegaz jokatu nuen, Sebastian Gonzalezen eta Mikel Laskurainen kontra. 2009an hasitako goranzko bidea berretsi nuen 2010ean.


Ibai Zabalak eta Iker Arretxek 2010ean irabazi zuten txapelketako irudia. (julenuribe.com)

Bigarren Mailan buruz buru ere jokatu duzu final bat. 2014an izan zen, Beñat Rezustaren kontra, eta 22-10 galdu zenuen. Zelan gogoratzen duzu final hura?
Gainetik pasatu ninduen. Finalean ez nuen aurreko partiduetako mailarik eman, baina bera gehiago izan zen. Gogoan dut lehenengo tantoan 15-16 pilota jo nituela airez. Orduan ere maila itzela zuen.

Lehenengo Mailan finalik ez, baina finalerdietako ligaxkara heldu zinen 2013an, Aimar Olaizolagaz. Pentsatu izan duzu inoiz zer falta izan zitzaizuen koska hura gainditzeko?
Inoiz pentsatu izan dut horretan, bai. Pablo Berasaluzegaz bromak ere izan ditut sasoi haren inguruan [Berasaluze finalera heldu eta lesionatu egin zen partiduan]. Izan ere, ezkerragaz errendimendua apur bat jaisten nuela egotzi izan didate beti, baina azken urte bietan ezkerragaz oso ondo nabil eta Pablori beti esan diot 2013an oraingo ezker hau izan banu, berak ez zuela finalean tendoirik apurtu izango, bere ordez neu helduko nintzelako finalera. Baina, tira, urte hartan Irujo eta Zabaleta elkarregaz zebiltzan txapelketan. Bikote ikaragarria zen. Gogoan dut finalerdietako partiduan, Gasteizen, partidu osoa errebote inguruan eman nuela. Hurrengo egunean esnatu, irratia piztu eta hauxe izan zen entzun nuen lehenengo komentarioa: "Ibai Zabalak ez du erraz ahaztuko atzoko eguna". Holantxik izan zen. Baina denetatik ikasten da eta ni ikasten ahalegindu naiz beti.

Joan zen asteko ANBOTOko kolaborazioan Iñaki Izak zure bertute nagusiak zerrendatu zituen. Profesionaltasuna zen euretariko bat.
Ni asko entrenatzekoa eta, behar zenean, asko zaintzekoa izan naiz. Eta kantxara irteten dudanean, dena ematekoa. Sarrera ordaintzen dutenei errespetu bat zor diegu eta nire irudirik onena eskaintzen ahalegindu naiz beti. Jakina, beti ez nuen lortuko eta egun txarrak ere izan ditut, baina gutxi izan dira, zorionez. Ez naiz huts lotsagarri handiak egitekoa izan, normalean segurtasuna ematen zuen atzelaria izan naizela uste dut.

Beste dohain bat 'erresilientzia' ei da, hau da, ezbeharrei aurre egiteko gaitasuna. Zure ibilbidean makina bat sufritu duzu lesioekin, batez ere eskukoekin. Horiek izan dira zure momenturik gogorrenak?
Bai. Eskuko lau operazio izan ditut, hankako hezur bi apurtu ditut, zuntz hausturak ere hainbat… Historial mediko nahikoa potentea dut atzetik. Lehenengo mailan erregulartasunez jokatzea eragotzi didan traba bat izan dira lesioak. Pasatu izan zait lehenengo mailan ondo aritu eta… lesioa! Horrek berriro behetik hasi beharra dakar. Baina berriro gora heltzeko kapaz izan naiz. Egoera horiei buelta emateko zortea izan dut. Egoera horretatik indartuta irteten da, bai pilotaria eta bai pertsona. Sekula ere ez dela burua makurtu behar ikasi dut.

Aurrera begira, zer asmo dituzu? Pilota munduari lotuta jarraitu gura duzu modu batera edo bestera?
Nire praka zuriak armairuan sartuko ditut eta han geratuko dira. Hori argi dut. Pilota munduari dagokionez, deskonektatzeko gogoa dut. Apur bat erreta amaitu dut azken garaietan bizi izan ditugun hainbat kontu dela eta. Baina pilotak behar banau beti aurkituko nau. Pilotari buruz nabil, ez pilota profesionalari buruz. Gauza desberdinak dira. Pilota gauza asko da eta profesionalismoa pilota munduko arlo bat baino ez.

Euskal filologia ikasi duzu. Irakaskuntzan bidea egin gura duzu? 
Irakaskuntzan jardun gura dut, euskara irakasten. Gaztelania eta ikasgai gehiago ere irakatsi nitzake, baina nik euskara irakasten gozatzen dut gehien. Irakasle ibili naiz urte osoan eta aurten berdin jarraitzea da asmoa.

Zer esango zenieke urte hauetan guztietan lagundu dizutenei?
Berba bi: eskerrik asko. Zoritxarrez, sekula ere ez dira agertzen kirolariok gure inguruan ditugun euskarriak, batez ere, momentu txarretan. Kantxan dagoenaren inguruan jende asko dago: gurasoak, bikotekidea, kuadrillako lagunak… horiek asko balio dute eta kirolari baten ibilbidean faktore determinantea dira. Nik zorte itzela izan dut eta ahaleginduko naiz bihar hori zelan edo halan erakusten.

Zabalari sekula ez zaio animorik falta izan harmailetan. (julenuribe.com)

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!