Greba egingo duzuela iragarri duzue. Zergatik erabaki duzue grebara jotzea?
Arrazoi nagusia da enpresagaz berba egiten ahalegindu garela bide askotatik, eta honek entzungor egin digula. Elkarrizketa mahai bat osatzea gura genuen enpresagaz, bertan, akordioetara ailegatu ahal izateko. Baina sekula ez dugu erantzunik jaso. Ez dugu ez ezezkorik, ez baiezkorik jaso. Erantzun eza baino ez dugu izan. Hurrengo astean batzarren bat deituko dutela diote, baina ez dakigu noiz. Eta enpresak orain arte izandako jarrera zein izan den ikusita, ez dugu fidatzerik. Bestalde, atzo Joserra Garaik esan zuen pilota profesionalean egonkortutako pilotariek 90.000 euro irabazi ohi dutela batez beste. Hori gezurra da.
Prentsaurrekoa eskaini zenutenetik, salatu duzue ez dutela borondaterik erakutsi Unai Lasogaz kontratua berritzeko, eta Jon Mariezkurrenagaz gertatutakoa ere hor dago. Mendekuaren politika da?
Nire uste pertsonalean, bai, duda rik barik. Zergaitik? Egoera ekonomiko txarra argudiatzen dute, baina egoera horren berri eskatu diegunean, ez digute ezer erakutsi. Beraz, zein da geratzen zaidan interpretazio bakarra? Mendekuarena. Lasok izan du proposamen bat mahai gainean, baina proposamen horren zenbakiak eta Lasoren maila antzerakoan dabiltzanenak ezagutzen ditugunok, biak alderatuta, badakigu proposamena beharko lukeenaren erdia dela. Mariezkurrenagaz beste hainbeste gertatu da, ia debutatu zuen sasoiko proposamena egin diote. Nire ustez, proposamen horiek ezetz esateko gonbidapena dira eta hedabideen aurrerako justifikazio bat bilatzen dute, mahai gainean proposamen bat egon dela esateko.
Prentsaurrekoko argazkian talde irudia eman zenuten, baina batzuk lehenengo lerroan ipini zineten, zu zeu tarteko. Frontean egote horren ondorioek arduratzen zaituzte?
Arduratu, ez nau arduratzen. Hori bai, jakin badakit eragin bat izan dezakeela eta seguruenik izango duela. Baina dena baloratu eta horixe izan zen nire erabakia. Jakina, erosoagoa izango zen niretzat bigarren plano batean geratzea. Baina ikusten ari gara pilotari askok ez dutela ez tratu duina ez soldata duina jasotzen; eta jendea kaleratzen dabiltzala inongo arrazoirik barik. Egoera horien aurrean isilik egon behar dut eta berbak irentsi? Bada, hori ez dator bat nire izaeragaz. Duintasuna eta elkartasuna daude gauza guztien gainetik, nire ustez. Dena ez da pilota, nik baditut nire ikasketak, badut bihar-etzira begirako bizitza asmo bat eta ikusiko dugu zer datorren. Argi dudana da diruak ez dituela nire printzipioak erosiko.
Pilotaririk gehienak bat eginda zaudete, baina ez denak. Zer deritzozu horri?
Pertsonalki tristura handia eragiten dit. Auzoko enpresan beste irudi bat erakutsi dute. Aspen denak batera egon dira, hasieratik. Egoera ondo eraman dute aurrera, lehenengo mailako pilotarien sakrifizioari eskerrak batez ere. Txapela kentzen dut pilotari horien aurrean. Guk, zoriotxarrez, ez dugu egoera hori bizi. ERTEaren sasoian, Olaizolak eta Urrutikoetxeak euren bidea egitea erabaki zuten eta enpresako pilotaririk indartsuenen faltan geratu ginen. Hori gabezia handia izan da guretzat. Pena da, pilotaririk gehienok elkartuta gaude, baina denok egon beharko genuke, salbuespenik barik. ERTEtik honako bidean Ander Imaz ere bidean geratu da, gure ustez pilota taldearekiko jarrera txarra izan duelako. Beraz, bai, honek guztiak tristezia eragiten dit.
Erakunde publikoen bitartekaritza eskatu duzue.
Nortzuk dira negozio hau elikatzen dutenak? Estamentu publikoak, diru publikoagaz. Eurengana jo genuen, baina, oraingoz, ez dugu erantzunik jaso. Gainera, jakin badakigu hedabide batzuek Eusko Jaurlaritzako kirol zuzendaria elkarrizketatu gura izan dutela, baina ezezkoa jaso dutela.
Zuen egoeraren berri ematen duten adibide ugari ipini dituzue, baina Iker Arretxerenak zur eta lur utzi nau.
15 urtean egon da enpresan, eta sekula zaratarik atera barik. Enpresa gizona izan da. Eta Zarauzko frontoian 22-3 galdu ostean, honakoa entzun behar: "Jakin ezazu ez dizugula kontratua berrituko eta beste partidu bi dituzu oraindik programatuta, baina, tira, kendu egingo dizkizugu, horiek jokatzeko gogorik izango ez duzula suposatzen dugu eta. Eskerrik asko eta agur". Baina berak partidu horiek jokatu egin zituen, horrela gura zuelako. Eta azken partiduan egin zitzaion omenaldia Aspek antolatu zuen eta gure enpresako ordezkari bakar bat ere ez zen agertu. Hori da merezi zuen agurra?
Etorkizunera begira, pilotarien eskubideak defendatuko dituen elkarte bat sortzeko asmoa erakutsi duzue. Zer punturaino da erabaki irmo bat?
Hori etorkizun hurbil batean ikusiko dugun zerbait izango da. Orain dela gutxira arte pilotarien nahi bat bakarrik zen, baina, zorionez, horren inguruko berri on batzuk jaso ditugu eta gauzatuko da. Gaur egungo pilotarientzat ere bai, baina, batez ere, etorkizunekoentzat izango da inportantea. Pilotariak edozein duda daukanean elkarte horretara jo ahalko du, aholku eske. Eta ez hori bakarrik, enpresekin gutxiengo batzuk markatu ahal izateko balioko du. Beharrizanak ez ezik, eskubideak ere baditugulako. Gutxiengo edo oinarrizko baldintza batzuei buruz gabiltza; esaterako, debutatzen duten pilotarientzat soldata minimo bat. Prentsaurrekoan beste adibide bat ipini genuen: pilotari batek 23.000 euro kobratu dezake eta hori soldata duin bat izan daiteke, baina beti ere hori dena poltsikora badoa. Baina gasolina dela, materiala dela… 10.000 euro joaten badira, zertan geratzen da? Eta, gainera, esklusibotasuna eskatzen dute. Duintasunari buruz nabilenean, horrelako kontuei buruz nabil.