1. Profesionaltasuna. Urteotan maila guztietako partiduak jokatu ditu Ibaik, horietako batzuk zenbaitek imajinatu ere egingo ez lituzkeen tokietan. Bada, den-denetan duen guztia eman du; berdin Portugaletik 3 kilometrora dagoen Fariza herriko frontoi irekian zein binakako txapelketako finalaurrekoan Gasteizko Ogeta pilotalekuan.
2. Maila. Datu zehatzik izan ez arren, erratzeko beldur handirik gabe esango dut jokatu dituen partiduen ehuneko handi bat irabazi duela. Horrek argi uzten du porrota garesti saldu duen pilotaria izan dela, partiduaren konbinazioa edozein mailakoa izanda ere.
3.Jarrera. Jokatu dituen ehunka partiduetan jarrera eredugarria izan du; beti aurkaria, bikotekidea, epailea eta ikuslea errespetatuz. Hortik ere etorri zaio pilota mundutik jaso duen kariñoaren zati handi bat.
4. Erresilientzia. Erresilientzia ezbeharrei aurre egiteko gaitasuna da, eta halakorik ere bizi izan du Ibaik. Esaterako, lesioen gurutze bidea. Eskuetako lauzpabost ebakuntzari edota oineko eskafoide hezurreko hausturari beti izan duen izaera langilearekin egin zien aurre, eta denetatik indarberrituta bueltatu zen kantxetara.
5. Elkartasuna. Pilotarien greban Larunbegaz batera hartutako rola da solidaritatearen adierazgarri. Irabazteko baino galtzeko gehiago zeukan egoera baten aurrean, pilotari grebalarien bozeramale izatea onartu eta etorkizuneko pilotarien lan-baldintzak hobetzeko helburuarekin jardun zuen grebak iraun artean.
Beste batzuen artean, aipaturiko bost punt(u)ak osatzen dute Ibai Zabalaren izarra. Lehen mailako txapelik ez da bertan ageri, baina, besteak beste, pilota mundua inoiz ez bezala inarrosi zuen lurrikararen aurrean hamabost pilotariko taldea ia hogei egunez gidatu zuen.