Ehunka boluntario batu dira Gopegiko frontoian Gorbeian desagertutako gazte berriztarra bilatzeko

Jone Guenetxea 2018ko urt. 2a, 13:43

Ehunka lagun batu dira Gopegiko frontoian, 7:45ean, Gorbeian desagertutako 19 urteko gazte berriztarra bilatzeko. Atzo, sare sozialen bidez boluntarioen laguntza eskatu zuten, eta hainbat mendizalek deiari erantzun diote.

Hainbat herrikide, boluntario eta larrialdi zerbitzuetako kide, zapatutik gaztea bilatzen aritu dira.  Gaurko, ostera, deialdi berezia egin dute sare sozialen bidez Gopegiko frontoian batzeko. Hitzordura ehunka mendizale joan dira, eta irteeran koordinatzen aritu dira.

Zapatu arratsaldean gazte talde bat Gorbeiara abiatu zen. Igoeran, desagertuta dagoen berriztarra txarto sentitu zen, eta buelta ematea erabaki zuen, Ertzaintzak azaldu duenez. Lagunak kotxeetara itzultzerakoan gaztea falta zela ohartu ziren. Harrezkero, bere bila dabiltza Gorbeia inguruan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!