Txirrindularitzan jarraitzeko babesle bila dabil Iñaki Lejarreta

Anboto 2012ko aza. 23a, 08:40

Orbea Racing Team taldeak 2013an ez duela jarraituko jakinarazi diote batzarretan

Orbea Racing Team taldeak 2013an ez duela jarraituko jakinarazi diote batzarretan.

 

Profesionaletarako saltoa eman zuenetik talde bakarra izan du Iñaki Lejarretak (29 urte, Berriz). 2011tik hona Orbea Racing Teameko txirrindularia izan da. 2013an, ostera, taldeak ez duela jarraituko jakinarazi diote, eta oraintsu babesle bila hasi da, bakarka bada ere, elitean jarraitu ahal izateko.

 

Hasieran “etsita” sentitu zela adierazi du Lejarretak eta “bizikleta uztea” ere pentsatu zuela. Orain, traba guztiei aurre egiteko adorea lortu eta elitean jarraitzeko ahal duen guztia egiten saiatzeko prest dagoela dio.

 

Mountain bike-eko beste talde batzuei atea jotzea izan zen lehenengo urratsa. Baina Espainian, desagertuko den Orbeaz gainera, mendi bizikletako talde bakarra dago, egoitza Murtzian duen Wildwolf Trek Pro Racing Team taldea, hain zuzen. Horiek dagoeneko itxita dute 2013ko taldea. Atzerrian ere hainbat ate jo ditu, baina alferrik. Izan ere, MTBan taldea bilatzea ez da errepideko talde batean bilatzea bezain erraza. Laguntzaile lana ez da hain beharrezkoa mountain bike lasterketetan, eta nahikoa dira maila oneko hiruzpalau txirrindulari denboraldiari aurre egiteko.

 

Ondorioz, beste aukera bat lantzen dabil. Egunotan babesle bila hasi da, modu indibidualean jarraitu ahal izateko. Munduko Kopa lehiatzeak gastu asko du, esaterako, bidaietan. Horregatik, gastu batzuei aurre egiteko babesle bat behar du. Gainera, etorkizunari begira, garrantzitsua da Lejarretarentzat Munduko Kopan aritzea, mountain bike modalitateko erakusleihorik onena delako.

 

Orbea taldean Julien Absalon eta Ruben Ruzafa txirrindulariak ere bazebiltzan. Absalonek BMC taldeagaz akordioa sinatuta du uda hasieratik. Ruben Ruzafa, aldiz, triatloietara itzuliko da. Bere sasoian, mendiko triatloien munduko txapelduna izan zen. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!