Eroriko batek hondatu dio urte biko prestaketa

Anboto 2012ko eka. 13a, 09:47
Inaki Lejarreta ez dago Joko Olinpikoetarako hautatuen artean; apurtutako saihets batek ez dio ehuneko ehunean lehiatzen utzi

Inaki Lejarreta ez dago Joko Olinpikoetarako hautatuen artean; apurtutako saihets batek ez dio ehuneko ehunean lehiatzen utzi

 

Inaki Lejarretak ezingo du orain lau urte Pekingo Joko Olinpikoetan irabazi zuen diploma olinpikoa defendatu. Carlos Coloma, Sergio Mantecon eta Jose Antonio Hermida dira Londresen mountain bike-ean lehiatzeko hiru hautatuak.

 

Berriztarra zoritxarreko eroriko batengatik geratu da kanpoan. Maiatzaren erdian gertatu zen, Txekiar Errepublikan, Munduko Kopako hirugarren probaren atarian. Entrenatzen zebilela erori eta min hartu zuen saihets batean. Hala ere, lasterketan parte hartu eta 44. amaitzea lortu zuen, “sufrimendu handiz”, gogoratu duenez. Ez zen postu ona Kopako lehenengo lasterketa bietan 17. eta 21. sailkatu zela kontuan hartuta.

 

Bazekien  saihetsa ez zegola ondo, baina Joko Olinpikoak lau urterik behin dira, eta urte biko prestaketa, planteamendua eta esfortzu guztia, postu on baten baitan egon zitekeen: “Begiak itxi eta belarriak estali nituen”. Frantzian jokatu zen Munduko Kopako laugarren proba zen txirrindulari denentzat Cristobal Sanchez hautatzailea konbentzitzeko azken aukera. Lejarretak, minez, ezin izan zuen amaitu. Sanchezek handik hamar egunera eman zuen hautatuen zerrenda.

 

Egoera honetatik gogorrena da bide zailena eginda zuela. Ezbeharraren aurretik Sanchezek esana zion hautatuen artean zela: “Fisikoki txarto banengo edo hautatuak ni baino hobeto ibili izan balira ez litzateke hain mingarria izango, baina ez da kasua”, aitortu du.

 

Joko Olinpikoak hasten direnerako saihetsa erabat osatuta izango du: “Hitzordu berezia da eta presioari eusten jakin beharra dago. Nik orain lau urteko esperientzia dut eta horrek asko balio du. Diploma olinpikoa  irabazi nuen gainera. Baina hori guztia ez zaie ni hautatzeko nahikoa iruditu”, penatu da berriztarra. 

 

Irailean Munduko txapelketa

Uztailaren 22an Espainiako Txapelketan parte hartuko du Lejarretak. Denboraldia amaitu arteko hitzordu nagusiena irailaren 8an Austrian jokatuko den Munduko Txapelketa izango du. Horretara bideratuko du prestaketa. Londresen ez denez egongo eta Kopako azken postuak txarrak izan direnez, bosgarren lerrotik edo handik atzera irten beharko du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!