[ARGAZKI GALERIA] Jabier Zubiaurre mutrikuarrak irabazi du Axpen lehiatu den Euskal Herriko Artzain Txakur Txapelketa

Anboto 2024ko ira. 14a, 21:41

Karlos Ardanza abadiñarra hirugarren geratu da.

Egun konpletoa izan dute gaur Axpen: goizean, Sorginen Lasterketa eta arratsaldean, Euskal Herriko Artzain Txakur Txapelketa. Azken hori Jabier Zubiaurre mutrikuarrak irabazi du Mendi txakurrarekin.

Zallako Imanol Diaz eta Loli txakurra geratu dira bigarren. Sekulako emaitza da Euskal Herriko txapelketan lehenengoz aritu zen Diazentzat. Bera zen hamar finalisten artean gazteena eta esperientzia gutxien zuena. Podiuma Karlos Ardanza abadiñarrak eta Mendi txakurrak osatu dute. Ardanzak Bizkaiko txapelketa irabazi zuen joan zen asteburuan, Mungian, eta gaur ere ez da esku hutsik etxeratu Aitz Azpi elkarteak banatutako saria irabazi duelako, Durangaldeko artzain/txakur onenarena. Datorren asteburuan, berriz, Oñatiko nazioarteko txapelketan parte hartuko du lehia ofizialetan 40 urte baino gehiagoko eskarmentua duen abadiñarrak.

Beste sari bat ere banatu dute, egokien jantzitako artzainarena eta Ilarduiako (Araba) Jose Mari Jauregirentzat izan da.

Jon Irazabal gogoan

Lehiaketako une batean abuztuan hil zen Jon Irazabal historialaria gogoratu dute. Megafoniatik iurretarrak hainbat arlotan egindako ekarpen handia zerrendatu ostean, bertaratutako guztiek txaloak jo dituzte Irazabalen omenez.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!