Euskal Herriko Artzain Txakur Txapelketa zapatuan Axpen

Anboto 2024ko ira. 11a, 12:09

Bizkaiko txapelketako parte hartzaileak, Mungian. EHATE

Zapatua ekitaldiz beteriko eguna izango da Axpen. Goizean zehar, Axpen hasi eta amaituko da Sorginen Lasterketaren 17. aldia. Eta arratsaldean Euskal Herriko Artzain Txakur Txapelketa lehiatuko dute, hantxe bertan. Final hau 17:00etan hasiko da.

Txapelketak hamar lehiakide batuko ditu, txakur banagaz. Bizkaiak izango du ordezkaririk gehien: lau. Hiru Bizkaiko txapelketatik sailkatu dira. Bizkaiko txapelketa hau joan zen asteburuan lehiatu zuten, Mungian, eta Karlos Ardanza abadiñarrak irabazi zuen, Mendi txakurragaz. Imanol Diaz zallarra geratu zen bigarren, Loli txakurragaz, eta Kepa Ardanza abadiñarra hirugarren, Urbi txakurragaz. Hirurak Axpen izango dira zapatu arratsaldean. Laugarren ordezkaria Euskal Herriko iazko txapelduna da: Enrike Mendiguren orozkoarra, Laia txakurragaz. 

Hamarkotea Gipuzkoako, Arabako eta Nafarroako txapeldun eta txapeldunordeek osatuko dute. Gipuzkoako ordezkariak honako hauek dira: Jabier Zubiaurre mutrikuarra Mendi txakurragaz, eta Aitor Tato ataundarra Fidel txakurragaz. Arabako bikote biak Ilarduiako Jose Mari Jauregi-Sua eta Aramaioko Bizente Lopez de Azpilikueta-Bat dira. Azkenik, hauek dira Nafarroako bikoteak: Antonio Alustiza-Bat, eta Jorge Oteiza-Lagun.  

Lehia estua
Enrike Mendiguren berriro txapela irabazteko faboritoen artean dago. Ez du alferrik irabazi zortzi bider Euskal Herriko txapelketa 2000. urtetik hona. Karlos Ardanzak eta Mendik sasoian daudela erakutsi zuten Mungian, eta Euskal Herriko txapela lehenengoz janzten ahaleginduko dira. Ardanzak hiru bider irabazi du Bizkaiko txapelketa. Kepa Ardanzak ere badaki Euskal Herriko txapelketa irabaztea zer den: 2002an eta 2003an irabazi zuen, Txiki txakurragaz. Aurten Urbi txakurra izango du bidelagun.

Euskal Herriko txapelketa 1967an antolatu zuten lehenengoz. Harrezkero, Durangaldeko bost lagunek irabazi dute: Serafin Etxanobe mañariarrak 1967an, 1968an, 1970ean eta 1971n; Jose Luis Jaio mañariarrak 1969an; Jose Urienek 1999an eta 2011n; Xabier Urienek 2006an eta 2007an; eta Kepa Ardanzak 2002an eta 2003an. 

Oñatiko nazioartekoa
Axpeko txapelketaren ondoren, beste hitzordu garrantzitsu bat jokatuko da: Oñatiko nazioarteko txapelketa, irailaren 22an. Bizkai, Gipuzkoa, Araba eta Nafarroako txapeldunak sailkatuta daude dagoeneko. Horiez gainera, Axpen beste bikote bi sailkatuko dira. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!