#0km

Hegoi Escudero atxondarra txapeldun Euskal Herriko eztien lehiaketan

Ekaitz Herrera 2023ko abe. 4a, 10:41

Eztigile atxondarrak txapela eskuratu zuen Usurbilen ospatutako Erle Egunean. Ezti ilunen kategorian irabazi zuen saria.

Hegoi Escudero eztigile atxondarra (Basauri, 1984) "oso pozik" dago lortutakoagaz. Joan zen domekan, Euskal Herriko Ezti Txapelketaren 22. edizioa jokatu zen Usurbilen (Gipuzkoa), Erle Eguna ospakizunaren baitan. Eta bertan, lehenengo saria lortu zuen, ezti ilunari dagokiona.  "Durangaldeko eztigileen elkartea osatzen duen kideetariko bat sarri joaten da bertara. Elkarteko hainbat ekoizpen aurkeztu zituen lehiaketara, eta gurea saritu zuten", jakinarazi du Escuderok.

Eztigile atxondarrak Mañarin baturiko eztia aurkeztu zuen sariketara. Txilar eztia. "Durangaldean gutxitan izaten dugu ezti mota hori ekoizteko aukera. Hemengo mendietan badago txilarra, baina ez da oso emankorra eztiaren ekoizpenerako. Araba aldean, adibidez, ohikoagoa da. Aurten, baina, hemen ezti mota hori ekoiztea posible izan da", azaldu du Escuderok. Horrek ahalbidetu dio, hain zuzen ere, txapela. 

Erlete eta Oizpe

Escuderok eta eskualdeko beste hainbat eztigilek Erlete elkarte sortu zuten 2017an. Dozena bat pasatxo erlezain batu ziren, haien lana profesionalizatzeko. Alde horretatik, irabazkitako saria "denena" dela argitu du eztigile atxondarrak. "Durangaldean erlezaintza bizirik mantendu dugunon saria da". 

Hegoi Escuderok Oizpe izeneko eztia saltzen du. Bere eta gainerako ekoizleen eztia eskuratu gura duenak Durangaldean antolatzen diren azoketan, Durangoko merkatu plazan eta tokiko produktuak saltzen diren dendetan topatuko ditu eztiak. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!