“Durangaldean bertako eztia kontsumitzeko aukera bermatu gura dugu”

Markel Onaindia 2018ko abu. 31a, 09:15

Afizioa oinarri duten erlezain txikientzat ez da erraza izaten eztia ekoiztea. Etxean ahal den moduan ateratzea edota planta profesionaletara jotzea dira ohiko aukerak, baina ekonomikoki inbertsioa edo gastua dakarkie. Bada, Durangaldean alternatiba bat topatu dute: erlezain txikientzat eztiola bat sortzea. Hori martxan jartzeko, instituzioen laguntza gura dute, inbertsio publiko hori ingurugirora eta herritarren bizi-kalitatera bueltatuko litzatekeela sinetsita.

Beste zortzi gizon eta emakumegaz batera, Erlete elkartea sortu duten erlezainak dira Aitor Unzueta durangarra, Urdaspal Alberdi iurretarra, Felix Zabarte elorriarra, Iñigo Mendibil eta Hegoi Escudero atxondarrak, eta Inazio Uruburu eta Roberto Ardanza abadiñarrak.

Eztiola sortzeko proiektua duzue esku artean. Nondik dator?
Felix: Usurbileko eztiola bateko bazkidea naiz duela bi urtetik. Esperientzia ona izan da, eta hango eredua hartuta, bide horretatik goaz. Hamabost gara elkartean.
Iñigo: Ikusi genuen Gipuzkoan badaudela eztiola txiki bi martxan, Usurbilen eta Bidasoan, eta Zaldibian ere zabaldu berri dute orain. Inguruko erlezainek eztiolan eztia era egoki eta txukunean ateratzeko aukera daukate. Behar diren tramankulu guztiak erosi barik, dena amankomunean ipinita. Bizkaiko erlezainen elkartearen aldizkariaren bidez batzar baterako deialdia egin genuen, Elorrion, eta hamabost agertu ginen. Kasualitatez, denak Durangaldekoak, beste zonalde batzuetan hemen baino erlezain gehiago egon arren.
Hegoi: Sortu zen giroa eta interesa ikusita, elkartea eskualdeari begirakoa izateko erregistratu genuen, aurrera begira Durangaldeko erlezainei zabaldua.

Lokal bat lortu duzue Atxondon.
Hegoi: Hemengo erlezainak oso txikiak gara, eta ez gara gai inbertsio denei aurre egiteko. Urtean momentu zehatz batzuetan erabiltzeko da, gainera. Era kolektiboan egitea logikoagoa da. Bestalde, azpiegitura egonkor bat jendearen eskura egonda, erlezaintza uzteko joerari buelta eman ahal zitzaiola ikusten genuen. Hasteko zalantzan dabilen erlezainak ere errazago hartuko luke erabakia, erlauntz gutxigaz azpegitura erabili ahalko lukeelako.
Iñigo: Lokal baten premia ikusten genuen, eta Urkiola Landa Garapenaren bidez eskari hori bideratu zen udaletara. Handik sei hilera Atxondoko Udalak lokal bat eskaini zigun, eta Osasun Sailagaz kontrastatuta, balioko zuela esan ziguten.
Urdaspal: Gainera, Osasun Sailak baimendutako azpiegiturari esker, ateratzen dugun eztia saltzeko aukera edukiko dugu, eta Durangaldean bertako eztia kontsumitzeko aukera bermatu gura dugu, ahal dugun heinean. Hori interesgarria iruditzen zaigu.

Zelako harrera izan duzue udaletan?
Iñigo: Gipuzkoan, eztiolak lortu dituzte inguruko tokiko administrazioek lagundu dutelako. Garbi dago hasierako bultzada hori beharrezkoa dela. Diru-laguntzak behar ditugu, obra zibila egiteko eta makinaria erosteko. Zornotzako Udalak diru-laguntza eman digu ikastetxeetan erlezaintzaz eta erleen garrantziaz hitzaldiak ematearen truke. Atxondokoak lokala utzi digu. Oso eskertuta gaude. Baina, bestela, lehiaketa publikoetan sartu gara eta ez du ematen asko lagunduko digutenik. Hor, lanpostu sorrerak, langileak eta horrelakoak baloratzen dira, baina gure asmoa ez da langileak edukitzea. Erantzunen zain gaude. Bestalde, saldu ezin zituen material batzuk oparitu dizkigu Fagor Industrialek.

Beraz, ikastetxeetara joateko asmoa duzue?
Iñigo: Guretzat garrantzia dauka sozializatzeak. Ikastetxeetara joan, ikasleak hona ekarri eta eztia zelan ateratzen den erakutsi....
Felix: Gure helburua ez da eztia eginez aberastea. Batez ere, afizioa da. Hirutan joan gara Zornotzako ikastetxeetara, eta oso pozik geratu gara guztiok, bai gu eta baita ikastetxekoak eta udalekoak ere.

Euskal Herria leku ona al da eztia ekoizteko?
Felix: Ez. Klimagatik eta landarediagatik. Aurten euri asko egin du eta erlea gutxi irten da. Lore gutxi ikusi dugu eta eztia ere dezente gutxiago jasoko dugu. Bestalde, hemen pinu asko dago, eta horrek ez du eztirik ematen.
Iñigo: Penintsulako beste leku batzuekin konparatzen badugu, hemen eztia ekoiztea zailagoa da. Baina jendeak baloratzen du erleekin egiten den lana, eta eutsi egin behar diogu. Izan ere, erleak ezinbestekoak dira ingurumenean, eta Durangaldean ere egon behar dira.

Erleak ezinbestekoak badira, erlezainak ere bai.
Felix: Esaten da erleek landareen %80 polinizatzen dutela. Beraz, lan oso garrantzitsua egiten dute. Erleak zaintza eskatzen du; badaude gaixotasun batzuk, tratatzen ez badira erlea hiltzen dutenak. Azken urteetan vespa velutina liztorra ere agertu da, Asiatik etorri edo ekarritakoa, eta min egiten du.
Roberto: Globalizazioak kaltea baino ez du ekarri erlearentzat: intsektizidak, pestizidak, barroaren gaixotasuna, vespa velutina... Gaztea nintzenean ez zegoen erlezaintza profesionalik, baina erleak basoan egoten ziren, ingurune askoz egokiagoa zeukatelako. Gaur egun, aurre egiteko modu bakarra erlezain txikiak batzea da. Gainera, administrazioari interesatzen zaio hamar erlezain edukitzea, bakoitza erle pilo bategaz, diru-sarrerak kontrolatuta edukitzeko.
Inazio: Lehen baserri askotan zeuden hiru-lau erlauntz, eta inguruko landareak polinizatzen zituzten. Baina euren kontura bizi ziren erle horiek desagertu egin dira, gaixotasunen eta inbaditzaileen eraginez. Gaur egun, atzean erlezainik ez badago, ez dago erlerik. Erlezain handiek ezin dute gure ingurua zaindu, erleak eztia ateratzeko sasoian bakarrik edukitzen dituztelako hemen, eta beste urte erdian Soria (Espainia) eta inguruetan. Erlezain txikiak ez du hemendik alde egiten, hemengo landareak zaintzen ditu, eta saltzen duen eztia hemengoa da.

Zergatik hasi zineten erlezaintzan? Non saltzen duzue eztia?
Aitor: Aita zebilen lehenago, eta etxean eduki ditudalako hasi nintzen erleak zaintzen. Txikitatik jarraitu diot bideari. Lagun eta ezagunen artean banatzen dut eztia.
Urdaspal: Bost bat urte dira erlauntzak ditudanetik. Ateratako ezti apurra etxerako izan da, edo oparitxoren baterako.
Inazio: Roberto eta biok lagunak gara txikitatik, eta orain 35 bat urte batera hasi ginen. Durango inguruan saltzen dugu, hango plazan, eta lagunen artean ere bai.
Hegoi: Hau nire hirugarren urtea da, eta, momentuz, ateratzen dudana baino ezti gehiago jaten dut.
Iñigo: Sei-zazpi urte daramatzat.  Lanean [suhiltzailea da] erle asko batzen genuen, eta jendeak zer egin ez zekienez, etxera eramaten hasi nintzen. Ateratzen dudan eztia etxerako izaten da, edo lagunentzat. Propolia ere hartzen dut, osasunerako oso ona da eta.
Felix: Elorrion erlauntz batzuk utzita zituen erlezain batek. Deitu eta beragaz lanean hasi nintzen, 2014an. Iaz herriko azokan hasi nintzen eztia saltzen eta ondo joan zait. Eztia, propolia, polena eta erlekumeak ere saltzen ditut. Esperientzia polita da eta gustura nago.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!