Atxondotik Elorriorako bidean, kurba katalina deituriko bihurgunean, kokatuta egon da Bentabarri baserria. Eraikinaren egoerak okerrera egin du azken urteotan, eta Atxondoko Udalak sare sozialetan jakinarazi du, "administrazioak" eraikina bota behar izan duela "oinezkoen eta ibilgailuen segurtasuna" bermatzeko. Etxea "egoera arriskutsuan" zegoela azaldu du Udalak. Baserria zapatu goizean bota zuten.
Bentabarri baserrian udaletxea egon zen bolada batez, gaur egungo udaletxea eraikitzeko lanak egin zituzten bitartean. Noizbait eskola funtzioak ere bete izan ditu. Udalak 1840an erosi zuen baserria. 2016ko apirilean, eraikina eta bere inguruko lurrak enkantera ateratzea erabaki zuten EH Bilduk eta EAJk. Hilabete bi geroago, ekainean, partikular batek erosi zuen baserria, 61.000 euroan.
Atxondoko Udalak sare sozialetan zabalduriko argazkia.