Atzoko udalbatzarrean EH Bilduk eta EAJk aho batez onartu zuten udalaren jabetzakoak diren Bentabarri baserria eta bere inguruko lurrak enkante publikoan saltzeko erabakia. Bide hori hartzeko arrazoi bi eman zituen Dabid Cobos alkateak: “Udaletxeak ez dio ia inolako erabilerarik ematen eta duen kokapena ere ez da udaletxerako erabilgarria”.
Atxondotik Elorriorako bidean ezkerretara bidearen albo-alboan dago baserria. Guztira 2.300 metro dituen partzela aterako dute enkantera: hor barruan daude Bentabarri baserria (238 metro karratu ditu azpiko plantak) eta ondoko eraikina (61 metro karratu). Horrekin batera, bidearen beste aldean dagoen 868 metro karratuko beste partzela bat ere sartzen da aurrekoarekin batera. Hori guztia batera saldu gura dute.
Udal teknikariak 57.795 eurotan tasatu du oinarrizko prezioa. Enkanteko eskaintzek prezio horretakoak edo hortik gorakoak izan beharko dute.
Orain Bizkaiko Foru Aldundiari jakinaraziko diote udalbatzarrak hartutako erabakiaren berri. Tramite denak bere bidean badoaz, hile honen amaieran boletin ofizialean argitaratu gura dituzte oinarri denak.
Baserria eta partzelak saltzen badira, enkantetik ateratako dirua “batik bat herri ortuak egiteko beste lurzati bat erosteko” erabili gura luke Gobernu Taldeak Dabid Cobosen esanetan. EAJko Gorka Garatek, berriz, udaleko ondasun horiek saltzearen alde dagoela adierazi zuen, baina “ez gaude hain ados diru horrekin herri ortuetarako erabiltzeagaz; ez dakigu benetako eskaririk dagoen”.
Bentabarri, sasoi bateko udaletxe eta eskola
Sasoi batean, gaur egun udaletxea dagoen eraikina egiten zuten bitartean, Bentabarrin egon zen udaletxea eta beste une batean eskola ere hartutakoa da. Udalak 1840. urtean erosi zuen baserria.
Bentabarri baserria eta irudiaren ezkerreko aldean biltegi lez erabiltzen den eraikina.