Bentabarri saldu eta udalak 3.000 bat metroko lur zatia erosi du igerilekuaren ondoan

Anboto 2016ko eka. 7a, 09:55
Bentabarri baserria

Bentabarri baserria eta inguruko lurrak 61.000 eurotan saldu ditu.

Apiril hasieran udalak enkante publikora atera zituen bere jabetzakoak ziren Bentabarri baserria, ondoko biltegia eta inguruko partzela batzuk. 57.795 eurotan atera zuten. Enkantea indarrean egon den epealdian eskaintza bakarra jaso dute —sobre itxian— eta 61.000 eurokoa izan da. Beraz, partikular horri saldu diote baserria.

61.000 euro horietatik 33.000 euro igerileku ondoan 3.000 metro karratu inguru dituen lur zati bat erosteko erabili ditu udalak, aurrekontuetan onartu zenari jarraituz. Lur zati horretako zati bat herri ortuak jartzeko erabiliko dute. Ortuak martxan jartzeko beharrezko azpiegiturak egokitu eta amaitzeko ez dute epe zehatzik, baina Dabid Cobos alkatearen esanetan “udan zehar ortuak erabiltzen hastea gustatuko litzaiguke”.

Bentabarriko salmentatik ateratako dirua lur zati hori erostera bideratzearen aldeko dudak adierazi zituen Gorka Garate EAJko zinegotziak atzoko udalbatzarrean. Eremu horretan ortuak egiteko "eskari nahikorik" dagoen ez dakitela azaldu zuten eta diru hori herriko beste beharrizan batzuetara bideratu beharko zela uste du. Cobos alkatearen esanetan lur zati hori erostea “epe luzera begirako inbertsio interesantea”  da eta ortuez gainera, beste azpiegitura batzuk hartzeko tokia ere badago.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!