Ertzaintzak Atxondo Harrera Herriko kide bat identifikatu du Axpeko aterpetxean

Anboto 2022ko abe. 27a, 21:14

Segurtasun Sailak baieztatu egin du Harrerak adierazitakoa. Ertzaintza Axpeko aterpetxera hurbildu da gaur "agindu judizial bat" tarteko. Agenteek herritar bat identifikatu dute eraikinaren kanpoaldean. Harrera Herriak udala seinalatu du, proiektua "salatzeagatik".

Atxondo Harrera Herriko kideek salatu dutenez, Ertzaintzak herritar bat identifikatu du gaur Axpeko aterpetxean. Segurtasun Sailak berretsi egin du bertsio hori. Agenteak bertara joan dira "agindu judizial bat" eskutan, eta aterpetxera sartzeko saiakera egin dute. Baina Segurtasun Sailak berak onartu duenez, agenteek ez dute barrura sartzerik lortu. Diotenez, "inork ez du aterik ireki". Horren ostean, aterpetxearen kanpoaldean zegoen herritar bat identifikatu dute. Atxondo Harrera Herriak dioenez, identifikaturiko herritarra harrera taldeko kidea da.

Atxondo Harrera Herriak udala seinalatu du gaurko gertakari honengatik. Euren berbetan, Udalak "salatu" du Harrera Herria, Axpeko aterpetxera bueltatzeagatik. "Ezkutuko jokoan" ibiltzea leporatu diote udalari. "Abenduaren 19an komunikatu genion gure erabakia eta biltzeko prestutasun osoa erakutsi ere bai. Konpromiso bat eskatu genion alkateari, emango zituen pausoak gurekin partekatzea, guri informatzea. Beste behin ere udalaren joko zikinaren aurrean aurkitzen gara; Harrerarekin batzeko borondaterik ez, eta gainera herriak babesten duen proiektua salatzera datoz", kritikatu dute ohar batean.

Bi hilabete pasatxo kalean egon ostean, Harrera Herriko kideek Axpeko aterpetxera bueltatzeko erabakia hartu zuten azaroaren 18an. "Ezin gara eskuak gurutzatuta geratu, eta beste alternatibarik eman ez digutenez, Axpeko etxera bueltatzeko erabakia hartu dugu", adierazi zuten. Migratzaileek hilabete bi egin zituzten udaletxe azpiko arkupeetan bizitzen. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!