Atxondo Harrera Herriak Axpeko etxera bueltatzeko erabakia hartu du

Anboto 2022ko abe. 20a, 13:31
Argazkia: Jon Garate Ondarre.

Asteburuan Axpeko aterpetxera bueltatzeko erabakia hartu dute Harrerako kideek. Atzo, berriz, udaletxe azpiko kanpalekua desmuntatu zuten. 

Bi hilabete pasatxo kalean egon ostean, Axpeko Aterpetxera itzuli dira asteon Atxondoko Harrera Herriko kideak. "Ezin gara eskuak gurutzatuta geratu, eta beste alternatibarik eman ez digutenez, Axpeko etxera bueltatzeko erabakia hartu dugu asteburuan", adierazi dute Harrera Herrikoek. Abenduaren 18an migratzaileen nazioarteko eguna izan zen, eta Atxondon egun hori aldarrikatzeko baliatu zuten. Eta bertan, berriro Axpeko etxera bueltatzea erabaki zuten. "Zapore gazi gozoa dugula ezin dugu ukatu. Gozoa, berriro gure etxera bueltatzen garelako eta Harrera proiektuarekin aurrera jarraituko dugulako. Gazia ez delako hasiera batean uste genuena bezalakoa", gehitu dute.

Urriaren 6az geroztik daude kalean Harrerakoak. Orduan udalak Axpeko aterpetxera ezin zirela sartu esan zieten, eta aste honetararte kalean egon dira. Hasieran, kanpalekua muntatu zuten udaletxe azpian, eta bertan egon ziren zenbait egunez. Azaroaren 3an, udalagaz batzar bat egin ostean eta zenbait konpromiso hartu eta gero, kanpalekua desmuntatu zuten. Baina udalak batzarreko konpormisoak bete ez zituela ikusi zutenean, berriro kanpalekua muntatzea erabaki zuten. Azaroaren 15ean ostera, bizitokia berriro prestatu eta abenduaren 19ra bitartean udaletxe azpian lotan egon dira Harrerakoak. Harrerako kideek azaldu dutenez, ezin dute egoera hau gehiago luzatu. "Neguak gogor jokatzen ari den honetan ezin dugu egoera hau gehiago luzatu. Ezin dugu gehiago luzatu jendea kale gorrian dagoela badakigunean, ezin dugu gehiago luzatu hotza eta gosea eguneroko ogia direnean", jarraitu dute. 

Asteon kalean bizitzeari amaiera bat jarri asmoz, Harrera Taldeko kideek udaletxe azpiko kanpamendua desmuntatu eta Axpeko Aterpetxera bueltatu dira. "Publikoki etxera bueltatzen garela esatera gatoz, eraikin hau herriarena delako eta ez udalarena. Gainera argi geratu da herriak Harrera herria izaten jarraitzeko nahia duela. Alkateari ere gure erabakia komunikatu diogu. Ez dugu ezer ezkutatzeko. Egiten ari garen guztia gardentasunez eta maitasunez egiten ari garelako", esan dute. 

Bestalde, herritarrei jakitera eman diote Axpeko etxeko ateak zabalik daudela, eta norbaitek kalean dagoen migratzailerik ikusten badu, Harrerara bideratzeko deia egin diete. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!