Sorginen Lasterketa

“Urtean zehar dozena bat lagun gabiltza Sorginen Lasterketa prestatzen, eta egunean bertan 100 bat laguntzaile izaten ditugu”

Joseba Derteano 2022ko ira. 9a, 09:30
Eneritz Agirre eta Jon Aranburu

Sorginen Lasterketa Euskal Herriko mendi lasterken erreferenteetariko lez helduko da bere 15. aldira, irailaren 17an. Itzalean lan eskerga egiten duen lantaldeari zor zaio hori. Eneritz Agirre Armendia (Atxondo, 1983) eta Jon Aranburu Ingunza (Atxondo, 1986) talde horretako kideak dira. 

Zenbat laguneko lantaldea zabiltzate Sorginen Lasterketa antolatzen?
Jon Aranburu: Hasieran, Juan Sampedrok, Jose Luis Romerok eta Durango Kirol Taldekoek eramaten zuten pisurik handiena. Azkenengo lau-bost urteetan, DKTk jarrraitzen du, baina Atxondoko lantalde batek darama antolaketaren ardura nagusia. Urtean zehar dozena bat lagun gabiltza Sorginen Lasterketa prestatzen, eta egunean bertan 100 bat laguntzaile izaten ditugu. Eurei denei eskerrak antolatzen da lasterketa. 

Ibilbideari dagokionez, iazkoari eusten diozue?
J.A.: Bai. Iaz arte asfaltotik bajatzen zen bidegorriraino, eta hortik aurrerako lehenengo kilometroak bidegorritik ziren. Orain, zuzenean hasten gara gorantza, Larrano barreneraino. Gero, Anboto azpitik pasatzen gara, Zabaletatik, eta galtzadan lehengo bideagaz bat egiten dugu. Parte hartzaileek gurago zuten mendi bidea asfaltoa barik, eta horregaitik aldatu genuen ibilbidea. Urteak generamatzan zelan egin pentsatzen.

Orain lau-bost urte ibilbidea Anbototik izatea mugarri bat izan zen lasterketarentzat?
Eneritz Agirre: Baietz esango nuke. Anbototik igarotzen denetik, lasterketak beste erakargarritasun bat du. Eta iazko aldaketagaz, oraindino erakargarriagoa da. 

Izen-ematea di-da betetzea poztekoa izango da.
E.A.: Poz itzela ematen digu, bai, baina erantzukizuna ere eskatzen du. Antolatzaile lez dena behar den moduan irtetea gura izaten dugu. Egia esan, dortsalak agortzeak asko errazten dizkigu gauzak. Badakigu zenbat kamiseta eskatu eta zenbat poltsa prestatu behar ditugun. Ez dugu azken egunera arte itxaron behar horrelako kontuak argitzeko. 

Aurtengo ekitaldia borobiltzeko, Euskal Herriko txapelketa izango da.
J.A.: Bai, eta horri eskerrak Euskal Herriko punta-puntako korrikalariak etorriko dira.   

Nortzuk etorriko dira?
J.A.: Mutiletan, Gontzal Murgoitiok, Asier Larruzeak, Imanol Goñik, Javi Goitiak, Aitor Ajuriak eta Markel Urigoitiak eman dute izena, besteak beste. Eta, emakumeetan, Onditz Iturbek, Ainara Urrutiak, Ainara Uribarrik, Andrea Garaik eta Garazi Sampedrok. Baten bat faltako da, baina puntakoak datoz. 

Inoiz pentsatu duzue herriko proba lez hasi zena Euskal Herriko erreferenteetariko bat bihurtuko zela?
J.A.: Ez zan erraza hori pentsatzea. Azken urteetan ikusi dugu jendea erakartzen duen lasterketa dela. Aipatu dudan moduan, neurri handi batean ibilbide aldaketagaitik izan dela esango nuke.
E.A.: Eta Axpe oso inguru polita dela ere aipatu behar da, ezin hobea goiz-pasa eder baterako. Aurten, gainera, Zigor Iturrieta eta Oier Ariznabarreta egongo dira esatari lanetan plazan, eta ondo berotuko dute giroa, seguru!

Zelakoa da mendi lasterketen gaur egungo egoera? Apaldu da sasoi bateko booma?
J.A.: Boomak jarraitu egiten duela esango nuke. Asteburuero daude lasterketak, eta makina bat jende egoten da denetan. Desagertu dira lasterketa txiki batzuk, baina oraindino korrikalari asko erakartzen dute.   

Zuek korrikalariak zarete?
J.A.: Ni ibiltzen naiz, baina sekula ere ezin izan dut Sorginen Lasterketan parte hartu, antolakuntzan egon naizelako. Urteren batean egin gura nuke… Nire helburuetariko bat da. 

Aurtengo aldiari begira, badago nobedaderik? Informazio erabilgarririk?
J.A.: Sorginen Lasterketako Instagramen Wikiloc-eko track batzuk ipini ditugu, kanpotik lasterketa ikustera datozenek edo ingurua ezagutzen ez dutenek lasterketa non ikusi dezaketen jakin dezaten: Asuntzan, Larrano azpian, Artolan, Anboto inguruan... Jenderik gehien Artolan batzen da lasterketa ikusteko.  
E.A.: Track horietan begiratuta, kotxea non utzi dezaketen eta tokietara nondik joan daitezkeen ikusiko dute ikusleek. Axpe, Atxarte eta Arrazola dira track horietako abiapuntuak. Korrikalariek esan digute eurentzat oso motibagarria dela ibilbidean jendea animatzen egotea.

Ariznabarretagaz eta Iturrietagaz zuzeneko emankizuna Twitch-en

Aurten, lasterketa proba munduko edozein txokotatik eta zuzenean jarraitzeko aukera eskainiko dute Sorginen Lasterketako Twitch kanalaren bitartez. Anbotoko webgunean (anboto.org) ere zuzenean jarraitu ahal izango da.Ibilbidean zehar, zortzi bat mugikorren bitartez korrikalarien ibilerak grabatuko dituzte eta plazan egongo da errealizazio gunea. Horrez gainera, dron batek Anbotoko gailurreko irudiak hartuko ditu. 

Esatariak ez dira nolanahikoak izango: Zigor Iturrieta eta Oier Ariznabarreta. Korrikalari handiak dira biak, baina, oraingoan, hankak beharrean, mihina ipiniko dute dantzan emankizunari gatza eta piperra jartzeko. 

SORGINEN LASTERKETAKO DATUAK

EGUNA: Irailak 17, zapatua.

HASIERA: 09:00etan, Axpeko plazan.

DISTANTZIA: 21 kilometro.

DESNIBELA: 1.700 metro.

KOPURUA: 350 korrikalari.

ZUZENEAN:  Twich bidez 'sorginenlasterketa2022' kanalean eta
www.anboto.org webgunean.

SARIAK: Irabazleak 250 euro, txapela eta garaikurra; bigarrenak 175 euro eta garaikurra; hirugarrenak 100 euro eta garaikurra. Beteranoek eta Atxondoko lehenengoak ere sariak izango dituzte.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!