Atxondo Harrera Herria elkarteak "gogor" salatu du udalaren jarrera

Anboto 2021ko urr. 29a, 09:31

Azken egun hauetan zabaldutako prentsa oharrei erantzun bat emateko komunikatu bat kaleratu dute Atxondoko Harrera Herria elkarteko kideek. 

Eguaztenean Atxondoko EH Bilduk prentsa oharra kaleratu zuen udalaren "immobilismoa" salatzeko. "Alkateari eta bere alderdiari tragedia honen aurrean pausu eta konpromezu politiko zehatzak eskatu dizkiogu. Baina beste alde batera begiratzen dute", adierazi zuten oharrean EH Bildukoek. 

Hauei erantzunez, Atxondoko Udalak oharra kaleratu zuen eta Eusko Jaurlaritzarekin lanean ari zela eta  "emozionalki gogorra den eta herria tristeki kolpatu duen gai bati etekin politikoa bilatzea" leporatu zion EH Bilduri. Gainera, udalak ohar horretan aipatu zuen Harrera Herrikoek eta EH Bilduk udalari 21.000 euro aurreratzea eskatu ziotela, baina gobernu taldearen ardura administrazio-bide guztiak agortzen saiatzea dela. 

"Udalaren jarrera gogor salatu nahi dugu eta gezurtatu gura dugu Atxondo Harrera Herriak 21.000 euro eskatu dizkiola udalari. Guk ez ohiko bilkura bat eskatuta alkateak udaletxean bilkura bat egitea proposatu zigun, baita EH Bilduri ere. Bilera horretan ez zen momentu batean ere, diru kantitate bat eskatu. Gorpu bakoitza aberritzeak 3.000 euroko kostua zuela, eta Harrerako 7 senide hil zirenez gastua oso handia izango zela esan genien, guztira 21.000 euro, kalkulu matematiko hutsa", azaldu dute Harrera Herrikoek. Bileran udalari Madrilen "ate guztiak" jotzeko eskatzeko eskatu ziotela jakitera eman dute. 

Bestalde, udalak prentsa oharrean kaleratutako adierazpen hauek, "Gogoan izan behar da Atxondoko Udalak bi urte daramatzala bizilagun horiek bizi diren etxebizitzaren gastuak ordaintzen, hala nola argia eta mantentze-lanak" , migratzaileenganako "mespretxua eta gorrotoa sustatu besterik ez" dituztela egiten salatu dute Harrerakoek.

Horrez gain, "udala goragoko instantzietan laguntza bilatzen" aritu den bitartean Atxondo Harrera Herriak, atxondarren eta Durangaldeko herritarren laguntzagaz hiru gorpu aberriratu dituela nabarmendu dute, eta gainontzekoegaz berdina egiteko asmoa dutela azaldu dute. "Guk isilean egin dugu lana gaur arte. Ez dugu inongo fokorik nahi gure gainean, laguntza besterik ez, eta ez dugu onartuko alderdien arteko borroka batean gure izena eta izana nahastea, eta politikoen interesean Atxondo Harrera Herria erabiltzea". 

Bukatzeko, oharrean eskerrak eman dizkiete Harrera Herrikoek Atxondoko herritarrei. "Itzela izaten ari da herri hau erakusten ari den elkartasuna". 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!