Atxondoko Udalak jakinarazi du Eusko Jaurlaritzarekin lanean ari dela errefuxiatuen senitartekoen gorpuak aberriratzen laguntzeko

Anboto 2021ko urr. 27a, 17:02

Gobernu taldeak EH Bilduri egotzi dio "emozionalki gogorra den eta herria tristeki kolpatu duen gai bati etekin politikoa bilatzea".

Atxondoko Udaleko gobernu taldeak jakitera eman duenez egunak daramatza Eusko Jaurlaritzako Immigrazio Sailarekin harremanetan, Atxondoko errefuxiatuen senitartekoen gorpuak aberriratzen laguntzeko. "Oraingoz ez dago aurrerapausorik, baina egunero bilatzen da erantzun egokia", azaldu dute gobernu taldekoek.

Gainera, joan zen astean Atxondo Harrera Herriko kideekin eta EH Bildurekin bilera egin zutela jakitera eman dute, "ahal zen neurrian" egoera laguntzeko asmoz. "Gogoan izan behar da Atxondoko Udalak bi urte daramatzala bizilagun horiek bizi diren etxebizitzaren gastuak ordaintzen, hala nola argia eta mantentze-lanak", esan dute.

Bestalde, gobernu taldeak EH Bilduren jarrera deitoratu du. "Emozionalki gogorrak diren eta herriko bizilagunei tristeki eragiten dieten gaiak politizatu eta horiei etekina ateratzea baino ez duelako nahi. Atxondoko Udalak atxondar guztien interesak zaindu behar ditu salbuespenik gabe, jatorria kontuan hartu gabe", jarraitu dute.

Horrez gain, udalak jakinarazi du Harrera Herrikoek ta EH Bilduk udalari 21.000 euro aurreratzea eskatu diotela, baina gobernu taldearen ardura administrazio-bide guztiak agortzen saiatzea dela. "EH Bilduri gogorarazi nahi diogu immigrazioaren gaiak udal-eskumenak gainditzen dituela, eta horregatik Eusko Jaurlaritzarekin etengabe harremanetan gaudela. Aldi berean goragoko instantzietan laguntza bilatzen ari gara, hala nola Espainiako Gobernuaren ordezkaritzan, enbaxadan eta Gurutze Gorrian", bukatu dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!