Eguenean 28 pertsona zeramatzan patera bat hondoratu zen Cadizen, Trafalgar lurmuturraren inguruan. Hiru lagun bizirik agertu ziren, 10 gorpu aurkitu zituzten eta gainontzekoak desagertuta daude. Atxondoko Harrera Herritik jakitera eman zutenez, hiru atxondarrek zazpi pertsona galdu zituzten gertakari latz horretan.
Orain, atxondar horiei laguntza eman eta beraien senitartekoen gorpuak aberriratzeko Atxondoko Harrera Herriak bono batzuk atera ditu eta kontu korronte bat ere zabaldu dute. "Atxondo Harrerako kideen senitartekoak beraien herrira itzultzeko laguntza ekonomikoa behar da. Bakoitzak 3.000 euroko kostua dauka gutxienez", adierazi dute. Bonoak gaurko elkarretaratzean egongo dira eskuragai eta kontu korronte zenbakia ondorengoa da: ES74 2100 4167 2721 0030 2262.