Atxondoko Udalak pump-track pista eraikitzeko lanak hasi ditu. Udaletik azaldu dutenez, maiatz amaierarako lanak bukatuta egongo dira. "Jarduera honekin, herriari aire zabaleko kirol-instalazio berri bat emango diogu", azaldu du Xabier Azkarate alkateak. Pista honetan skate, surfskate, bizikleta, patin zein monopatinekin ibiltzeko aukera egongo da.
Pump-track zirkuituaz gain, bizikletak garbitzeko lehenengo gunea ere jarriko dutela jakitera eman dute udaletik. "Gure helburua atxondarren eskariei erantzuten jarraitzea da. Behin baino gehiagotan esan digute Atxondon horrelako gune bat egon beharko litzatekeela bizikletak garbitzeko, eta uste dugu pump-track zirkuituaren ondoan kokapen egokia izango duela", bukatu du alkateak.