Abadiñoko Udaleko Kirol Batzordeak argi berdea eman dio etorkizuneko Pump Track pistaren kokapenari. Muntsaratzeko merenderoaren ondoko gunea aukeratu du, ohar batean zehaztu dutenez. Udalerriari, ume eta gazteei bereziki, zuzendutako kirolgune ludikoa sortzeko gobernu-taldeak sustatu duen proiektua idazteko lana datozen asteetan esleituko da, bere dimentsioa eta ezaugarri zehatzak definitzeko.
Pump Track, bere ingelesezko izenak dioen bezala, ponpaketa pista bat edo skate, surfskate edo bizikletentzako inpultso pista bat da. Oro har, bizikletarekin pedalei eragin edo skatearekin oinei eman barik ibili ahal izateko adina potentzia eskaintzen duten zirkuituak dira, askotariko igoerak eta jaitsierak dituztelako.
"Pistak ume eta gazteentzako esperientzia ludiko berri bat ahalbidetuko du, bizikleta eta beste kirol batzuk modu seguruan praktikatzeko instalazioari esker", azaldu dute. Guneak 6.600 metro karratu baino gehiago ditu erabilgarri, eta, ondorioz, proiektuak instalazioaren neurriak eta ezaugarriak definitzeko aukera emango du.