Sorginen Lasterketako korrikalariak lehiatzeko gogoz daude eta maila handiko parte-hartzea izango da bihar

Joseba Derteano 2020ko ira. 18a, 11:26

Zailtasunak zailtasun, Sorginen Lasterketako antolatzaileek probagaz aurrera egitea erabaki dute eta korrikalariek gogotsu erantzun diote erabakiari. Izen-ematea beteta, bihar 300 parte-hartzaile batuko dira Axpeko irteera puntuan. Kantitatea ez ezik, azpimarratzekoa da kalitatea ere, Euskal Herriko korrikalaririk onenetarikoak batuko dituelako.

Hasieran kezkatuta zeuden arren, antolatzaileak pozik daude lasterketak izan duen erantzunagaz. "Dudak genituen. Egoera zein zen ikusita, pentsatzen genuen beharbada jendea beldurtu egingo zela. Baina hasieratik ikusi genuen bazegoela interesa eta ahaleginak merezi zuela. Jendeak lasterketaren inguruan galdetzen zigun. Lasterketa askorik ez dagoelako-edo, gogotsu daude", adierazi du Jon Aranburu probako antolatzaileetariko batek.

Podiumerako hautagaiak
Emakumeetan, Oihana Azkorbebeitia, Eztizen Duque, Nahia Quincoces, Garazi Sampedro, Ainara Urrutia, Maider Fraile eta Ainara Uribarri aipatu daitezke, besteak beste, podiumerako borrokarako. Azkorbebeitia abadiñarrak eta Sampedro atxondarrak badakite Sorginen Lasterketa irabaztea zer den, gainera. Onditz Iturbe ere sartu beharra dago hautagaien artean. Igorreztarra sasoiko dago eta orain asteburu bi Trapagarango kronoigoera (7,2 km) irabazi zuen, Oihana Kortazarren aurretik. Gizonetan, Imañol Goñi iazko irabazleagaz batera, maila handian dabiltzan Xabier Zarranz, Asier Larruzea eta Beñat Katarain, eta eskualdeko hainbat korrikalari nabarmendu daitezke: Gartzen Elejabarrieta abadiñarra, Gontzal Murgoitio elorriarra eta Aitor Ajuria eta Markel Urigoitia otxandiarrak, esaterako. "Hiru-lau izen kenduta, Euskal Herriko korrikalaririk onenetarikoak etorriko dira Sorginen Lasterketara, eta ez dago faborito argirik. Borroka estua egon daiteke", uste du Aranburuk.

Anboto tontorretik
Aurten, azken urteetako ibilbideari eutsiko diote; hau da, Anboto tontorretik igaroko dira. Axpetik abiatu, eta Andastotik Zabalaundira igoko dira, eta han Anboto tontorrerako igoera hasiko dute. Ondoren, Asuntza aldetik jaitsiko dira. Lasterketako azkenengo igoera Artolarakoa izango da, eta handik Axpeko helmugara joko dute. Guztira, 17,8 kilometro eta 1.300 metroko desnibel positiboko ibilbideari aurre egingo diote parte-hartzaileek.

Eguraldi txarra egiten badu, ez dira Anbototik igaroko, eta Urkiolamendi igoko dute.

Sorginen Lasterketako XIII. aldiko irabazleak 250 euro eskuratuko ditu; bigarren sailkatuak 175 euro eta hirugarrenak 100 euro.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!