Egin dezagun barre

Urte madarikatu hau ez dugu hain erraz ahaztuko, ez. Azkenaldian, zenbakien esanahi sinbolikoetan sinisten dutenekin oroitzen naiz. Izan ere, a ze kasualitatea 2020 honetan Sorginen Lasterketak hamahirugarren aldia beteko duela. 13 zenbakiak zorte txarra dakarrela uste duenak erotzat hartuko gintuzke lasterketaren prestaketekin aurrera egitea erabaki genuenean. Agian arrazoirik ez zaio faltako… Bertatik bertara bizi izan dugunok soilik dakigu zenbat eztabaida, burukomin eta kezka izan ditugun martxotik hona. Zenbat iritzi kontrajarri ingurukoon artean! Nik neuk ere izan dut lasterketa bertan behera uzteko gogoa. Lasaitasuna ordainean.

Baina, zer arraio! Lanera bidean nindoan batean, irratian Iker Galartzari entzundakoak iltzaturik geratu zitzaizkidan, Gure Zirkua martxan jartzeko indarrak nola bildu zituzten azaldu zuenekoa. Kezka eta beldur denen gainetik, birus petral honen eraginen itzaletan argi printza batzuk ateratzeko gogoa gailendu zitzaien Joseba Usabiagari, Iker Galartzari eta lagunei: “Aberastu daitezela krisi honen atzetik interes ilunenak dituztenak, baina utz gaitzatela besteoi ordu pare batez barre egiten”, zioen Ikerrek.

Bada, hori egin dezagun! Zentzuz eta neurriak betez, gustatzen zaiguna egiten gozatu eta gozaraztea da gure helburua biharko. Atxondorentzat eta ingurukoentzat pizgarri txiki bat izan dadila.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!