EH Bilduko zinegotziak bozeramaileen batzarrera ez direla agertu salatu du Atxondoko Udalak

Maialen Zuazubiskar 2020ko api. 27a, 11:59

"Ezezagunek" pintura horia jaurti zutela udaletxearen kontra, eta Xabier Azkarate alkatearen aurkako kartelak zabaldu dituztela salatu zuen Atxondoko Udalak atzo goizean. Eta gertaera horiek salatzeko gaur goizerako bozeramaileen batzordea deitu zuen alkateak. 

Udalak ohar bidez jakitera eman duenez, batzarrera EAJko zinegotziak bakarrik agertu dira, eta beraiek "bakarrik" gaitzetsi behar izan dituzte erasoak. "Bilera telematikoa ez bazen ezingo zutela etorri esan ziguten, baina lehengo astean AHTren obrei buruzko bilera bat aurrez aurre egiteko ez zuten arazorik izan", esan du alkateak. Gainera, oposizioko kideei gogorarazi die, osoko bilkurak egiten diren aretoa "nahikoa handia" dela, eta "osasun-protokoloak agintzen dituen distantziak errespetatzen" direla.

Horrez gain, oposizioko kideek "eskatu duten beste bider" batzartu direla beharrezko gaiei buruz hitz egiteko esan du alkateak. "Otsailean beste bilera bat egin genuen, gai juridikoak aztertu eta AHTren obrei buruz hitz egiteko. Orduan ere,  EAJren egoitzak jasan zituen pintaden aurkako gaitzespena eskatu genien, baina ordutik EH Bilduk ez du erantzunik eman", jarraitu dute. 

Bestalde, udalak krisi egoera honetan "laguntza" eskatu dio EH Bilduri. "Alarma egoera hasi
zenetik, AHTren lanengatik bakarrik arduratu dira, eta alarma egoera ezarri eta hilabetera hasi ziren neurri batzuk proposatzen", bukatu dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!