Alkatearen eta udaletxearen kontrako erasoak salatu ditu Atxondoko Udalak

Ekaitz Herrera 2020ko api. 26a, 15:06

Atxondoko Udalak salatu du "ezezagunek" pintura horia jaurti dutela udaletxearen kontra, eta Xabier Azkarate alkatearen aurkako kartelak zabaldu dituztela. AHTren inguruko informazioa ematetik iheska aritzea leporatzen diote kartelek, udalaren esanetan

"Azken orduetan" izandako erasoak salatu ditu Atxondoko Udalak. Oharra kaleratu du eta honakoa dio:  "Ezezagunek pintura horia bota dute udaletxeko fatxadaren kontra eta hainbat kartel jarri dituzte Xabier Azkarate alkatearen aurka, AHTri buruzko informaziorik ez emateagatik 'eskapatzea' leporatuta". Udalak deitoratu egin ditu "bizilagunen arteko elkarbizitza onari lagundu beharrean, erakundeekiko eta udal ordezkariekiko errespetu eskasa agerian uzten duten" jarrerak. Azkarate alkateak azaldu du "uneoro bildu" dela "hala eskatu duenarekin", eta gehitu du bere ateak "beti" egongo direla zabalik "nahi duten auzotar guztiak" hartzeko, betiere, "errespetuz, erasorik barik eta elkarrizketarekin" baldin bada. Duela egun batzuk AHTren lanei berrekin zitzaiela salatu zuten Atxondon. Udalak berak ere, ADIFi eskatu zion herrian zehar markatutako marrak zuzentzeko.

Alkateak bozeramaileen batzordea deitu du biharko, goizeko bederatzietan, gertaerak salatzeko.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!