EH Bildu: "Herriari argi eta garbi utzi dio alkateak bere lehentasunen zerrendan zer den urgentea eta zer ez"

Maialen Zuazubiskar 2020ko api. 27a, 08:46

Atxondoko EH Bilduko kideak kritiko agertu dira Atxondoko Udalaren eta alkatearen jarreragaz. 

"Ezezagunek" pintura horia jaurti zutela udaletxearen kontra, eta Xabier Azkarate alkatearen aurkako kartelak zabaldu dituztela salatu zuen Atxondoko Udalak atzo goizean. Eta gertaera horiek salatzeko gaur goizerako bozeramaileen batzordea deitu dutela jakitera eman zuen Xabier Azkaratek. 

EH Bilduko kideak, berriz, kritiko agertu dira Atxondoko alkateak duen "lehentasunen zerrendarekin". Oposizioko kideek jakitera eman dutenez, azken aste hauetan hainbat aldiz, eskatu diote udalari udal ordezkarien mahai bat eratzea eta urgentziazko bilera bat egitea, besteak beste. Baina ez dute inolako erantzunik jaso. "Hamaika eskaera egin ditugu eta ez dugu erantzunik jaso. Orain, 24 ordu baino gutxiagoko epean urgentziazko batzordea egingo duela esan digu alkateak telefonoz, gurekin edo gu gabe; gure egoerak (lana, zaintza, gaixotasunak...) kontuan izan gabe. Hau da elkarlanerako eta elkarrizketarako alkatearen prestutasuna?", kritikatu dute EH Bilduko kideek.  Horrez gain, batzordea apirilaren 30era atzeratzea eskatu dutela, eta alkateak "entzungor" egin diela gaineratu dute. 

Bestalde, Atxondoko EH Bilduko ordezkariek "elkarlanerako eta aurrera egiteko konpromezu eta borondatea beti" erakutsi izan dutela, eta momentu honetan atxondarren lehentasunak COVID 19aren osasun krisia eta horrek utziko dituen ondorioak eta AHTa direla esan dute. "Hori horrela, gai hauetan lan egiteko prest gaude, eta hauek urgentziaz landu behar ditugu, krisi mahai bat eratuz; baina ez gaude alkatearen urgentzia pertsonalak atenditzeko", bukatu dute. 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!