Atxondoko EH Bildu: "Badirudi udalaren kezka bakarra herriguneko marra horiak direla"

Maialen Zuazubiskar 2020ko api. 16a, 17:47

Atzo ADIFeko langileek Apatamonasterioko herrigunean marra horiak margoztu zituzten eta gaur udalak ADIFi marrak "txarto" daudela, eta ondo jartzeko eskatu dio. Atxondoko EH Bildu kritiko agertu da udalaren jarrerarekin. 

Aste honen hasieran amaitu da funtsezkoak ez diren jardueren geldialdia, horrekin batera, hainbat langile lanera itzuli dira, tartean Atxondon AHTko obretan lanean dabiltzanak. Atzo ADIFeko langileek Apatamonasterioko herrigunean marra horiak margoztu zituzten eta gaur udalak ADIFi marrak "txarto" daudela, eta ondo jartzeko eskatu dio. "Arazoa ez da noraino margotu dituzten gure udalerriko marrak. Baina badirudi udalaren kezka bakarra hori dela", salatu dute EH Bilduko kideek. "Kezkagarria da atzo herri guztia marra hori mehatxatzaile batekin margotuta itzartzea izan zen, mehatxatzailea, gaur herri erditik igaro den kamioi trafiko ikaragarria", jarraitu dute oposizioko kideek. Hala ere, "herritarren presioari" esker, udalak ADIFi marren kolorea aldatzeko eskatzeak oposizioa "poztu" du. "Marren kolorea gutxienekoa bada ere, aurrerantzean herritarren eskaerak entzun eta udalak AHTren obrak gelditzeko bidean lan egitea espero dugu". 

Bestalde, udalean hainbat aldiz obren baimenen, epemugen, kamoien sartu irtenerako ibilbideen eta hasierako ibilbidearen aldaketen inguruan, besteak beste, informazioa eskatu dutela eta jaso duten "erantzun bakarra EAJren isiltasuna eta alkatearen ez dakit ezer" izan direla kritikatu dute. Horrez gain, udaletxearen jarrerarekin ere "haserre" daudela adierazi dute, "eskaerak gutxiesten" dituztelako eta 2007ko herri galdeketari "jaramonik egiten ez" dietelako. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!