Konfinamendua indarrean dela, AHTren lanak aurrera doaz Atxondon

Maialen Zuazubiskar 2020ko api. 16a, 11:03

Atxondoko AHTrik ez plataformako kideak "haserre" daude AHTren lanekin, eta gainera, herrigunean kamioien joan-etorri "izugarria" dagoela salatu dute. Hori salatzeko kazerolada deitu dute gaur eguerdirako. 12:30ean egingo dute. 

Aste honen hasieran amaitu da funtsezkoak ez diren jardueren geldialdia, horrekin batera, hainbat langile lanera itzuli dira, tartean Atxondon AHTko obretan lanean dabiltzanak. Hainbat herritar "haserre" daude lanokin, eta kamioien joan-etorriekin. "Udaletxeak egoera hau baldintzatu eta gelditu dezake", adierazi dute plataformako kideek. Hori horrela, udalari azalpenak eskatuko dizkiotela eta herritarrei "masiboki" udaletxera deitzeko eskatu dute.  Bestalde, datozen egunetarako ekintzaren bat pentsatzen dabiltzala esan dute. Gaur, esaterako, 12:30ean kazerolada egingo dute. 

Horrez gain, bertan dabiltzan langileek "segurtasun neurriak ez" dituztela betetzen salatu dute. "Langileek ez dituzte segurtasun tarteak mantentzen, ezta maskarilla eta eskularruak erabiltzen", kritikatu dute. 

Lanei berrekitea "lehentasuna"
Arantza Tapia Garapen Ekonomikorako eta Azpiegitura sailburuak asteon esan duenez, AHTren lanei berrekiteak lehentasunen artean egon behar du. Xabier Azkarate Atxondoko alkateak, berriz, lanak hasi direla baieztatu dio ANBOTOri. "Funtsezkoak ez diren jardueretako langileei baimena eman diete lanera joateko eta ikusita maisu-etxearen inguruan hondeamakinak dabiltza, badirudi AHTren lanak berrekin dituztela", baieztatu du Xabier Azkarate Atxondoko alkateak. Bestalde, errepidea markatu dutela adierazi du. "Lanen arduradunei, lehenengo momentutik, herria eta herritarrak ahalik eta gutxien kaltetzeko eskatu diogu", bukatu du alkateak. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!