Urrutiko intxaurrak hamalau, gerturatu eta lau. Beste behin ere. Egoitz Garciak (Atxondo, 1986) birritan ezagutu du esaera zahar horren egia 2016etik ona. Al Marakeb Cycling kontinental taldean hartu zuen lehenengo dezepzioa, aseguru barik lehiatzera behartu gura izan zutenean. Bere eskubideak defendatzearen ondorioa kaleratze-gutun hotz bat izan zen. “Berriro horrelakorik ez”, errepikatu zion bere buruari. Baina Bolivia taldearen etengabeko dei eta erreguei baiezkoa eman zien. Hile biko soldata aurrez ordaintzeko jarri zuen baldintza ere onartu eta bete egin zioten. Proiektu serioa zirudien. “Sinesgarritasuna eman nion”, gogoratu du Garciak. Baina denborak bestelakoa erakutsi du. Soldatak ez jasotzea eguneroko ogia bihurtu zaie berari zein bere taldekideei azken hileetan. Garciak taldea utzi gura du, baina eskaintzen diotena zor diotenaren kopurutik urrun dago. Beraz, taldea salatzeko prozedura hasi du.
“Hasieratik engainatu gintuzten. Gobernuak dena ordainduko zutela zioten, baina ez da horrela izan. Gerora jakin dugu Gobernuak taldearen sorrerako lehenengo pausuak ordainduko zituela eta, ondoren, taldeak proiektua finkatzeko babesleak bilatu beharko zituela. Guri ez ziguten horrelakorik esan. Dena Boliviako Gobernuak jartzen zuela eta diru dezente zela esan ziguten. Momentuz kontinental taldea eta hurrengo urtean profesional mailakoa sortuko zituztela. Dena gezurra”, azaldu du atxondarrak.
Taldea utzi nahi du, baina ez dira akordio batera heldu. “Diru dezente zor didate eta ematen zidatena ez zen ia ezer”, dio. Gauzak horrela, “salaketa jartzeko prozedura” hasi du. Momentuz bere kontratua Txirrindulari Profesionalen Elkarteari bidali dio aztertu dezan.
Talde mailako salaketak aurrera irtengo balu hara batuko litzateke. “Lale Cubino taldeko zuzendariak esan zidan idatzi bat bidaliko ziola UCIri denon partez. Dirua zor diote. Baina, jakina, horren ostean jakin dut taldeagaz lasterketetara joaten jarraitzen duela. Ez dut oso ondo ulertzen jokabide hori, baina tira, ikusiko dugu”.
Gaur egun, Bolivia taldeak hemen bizi diren txirrindulari boliviar eta kolonbiarrekin jarraitzen du. “Tira-biraren bat izan zuten managerrarekin, baina honek esan zien falta ziren lasterketak lehiatu ezik ez ziela bueltako hegazkin txartelik ordainduko. Soldatarik jaso barik eta, gainera, txartela eurek erosi beharra… garesti irtengo zitzaien”.
Aurrera begira, esperantza gutxi
Aurten “ezinezko” ikusten du beste talde bat bilatzea. Iazko esperientziak erakutsi zion horrelako prozesuak luze joaten direna. Datorren urteari begira, “ez dut esperantza handirik, ez ditut ateak itzi nahi, baina oso gatx dago”. Pedalei eragitea ez den beste aukera batzuk aztertzen ari dela dio.