“Lizentzia eta aseguru barik ezin genuen errepidean lehiatzera arriskatu”

Anboto 2016ko mar. 15a, 15:40

Egoitz Garcia —ezkerretik hasita hirugarrena— El Marakeb taldeagaz.

Egoitz Garciak (1986, Atxondo) kontratu bat sinatuta du Al Marakeb Cycling kontinental mailako taldearekin. Martxo hasieran Argelian denboraldiari ekiteko prest zegoela, Espainiako federazioan bere lizentzia eta aseguruaren tramitazioa egin barik zegoela jakin zuen. Baldintza horietan ez lehiatzea erabaki eta etxera itzuli zen. Harrezkero egoera konpontzeko bere ahaleginek ez dute erantzunik jaso, atzo arte: kaleratze-gutuna bidali diote.

Kontinental mailako txirrindularitza talde batzuetan ematen diren kasuak ez dira normalak. Esaterako, gogoratu Mikel Bizkarrari Txileko PinoRoad taldeagaz gertatu zitzaiona: “Bizi izan ditudan gauza batzuk surrealistak dira”, aitortu zuen 2014an gaur egun Murias taldean dabilen mañariarrak. Oraingo honetan bere lehengusu Egoitz Garcia  da antzerako egoeran dagoena. Al Marakeb Cycling taldeak sinatzeko asmorik ez duen kaleratze-gutun bat bidali zion atzo. Arrazoia: Espainiako federazioko lizentzia eta aseguru barik Argelian lehiatzeari uko egin izana.

Iaz Murias taldeagaz aritu ostean, Garciak “beste zerbait” bilatu nahi zuen aurtengo denboraldiari begira. Ordezkari baten bidez, Al Marakeb taldera batzeko aukera heldu zitzaion. Iaz Marokoko federazioaren bidez atera zuten taldea; aurten Arabiar Emirerri Batuak-en bidez. Herrialde bietako hainbat ordezkari eta txirrindulari daude taldean. “Egia esanda, asko kostatu zitzaidan erabakia hartzea, baina aurrera egitea erabaki nuen”, gogoratu du Atxondoko txirrindulariak. 12 bat egunez Dubain kontzentratu ostean, martxo hasieran Argeliara mugitu ziren denboraldiari ekiteko. Orduan, bere taldekide Alain Santamaria ezkaraitarrak, Errioxako federazioaren bidez, taldeak ez ziola lizentziarik tramitatu jakin zuen. Egoitzi kontatu eta Espainiako federaziora deitu zuten: “Tramitea egin barik zegoela konfirmatu ziguten”. Baldintza horietan ez lehiatzea eta etxera itzultzea erabaki zuten: “Lizentzia eta aseguru barik ezin gara errepidean lehiatzera arriskatu. Txirrindularitzan erorikoak izaten dira eta jausten bagara inork ez gaitu estaltzen. Argelian erori bagina zer gertatuko zen? Ez zuen arriskatzerik merezi”.

Al Marakeb taldeak lizentzia baten kopia bidali zien. “Letra arabeak zituen eta ez zuen UCI zenbakirik. Arraroa zen, ez dakit, nik sekula ez dut horrelakorik ikusi”. Federazioan galdetu zuten: “Horrek guretzako ez zuela balio esan ziguten. Gu ez gara Maroko eta Arabiar Emirerri Batuak-eko egoiliarrak. Guk gure lizentzia Espainiako federazioan atera behar dugula esan ziguten”.

Telefono deiek erantzunik ez

Egoera bideratzeko taldeagaz telefono bidez hartuemanetan jartzen saiatu dira, baina “ez dute deirik hartzen”. Ondorioz, e-mail bidez taldeari jakinarazi zioten, beharrezko dokumentoak bidaliz gero, eurak prest zeudela Espainiako federaziora joan eta tramitazioa egiteko. Ez zuten erantzunik jaso… atzo arte. Taldeko ordezkariek kaleratze-gutun bat bidali zioten, Argelian lehiatzeari uko egiteagatik. Garciak ez du sinatzeko asmorik: “Hori sinatuta salduta geundeke”. Beraz horrela dago egoera. Amaituko da hilea eta aurreikustekoa da ez dietela ordainduko. Orduan, UCIra joko dute, baina “dagoeneko ere bagaude UCIgaz hartuemanetan”: “Haserre nago batez ere. Hainbeste egunetan hartuemanetan jarri guran eta erantzunik ez. Atzo jasotako kaleratze-gutunak sutu egin ninduen”.

“UCIk gehiago zaindu behar luke talde lizentzia nori eman”

“Zoritxarrez kontinental maila arraroa da”, dio Garciak eta “batzuetan ematen du edozeinek atera ahal duela talde bat”. Alde horretatik “UCIk gehiago zaindu behar luke talde lizentzia nori eman”. “Ez dakit taldeak sortzeko baldintzak zorroztu behar diren edo zer egin behar den, baina hori begiratu beharra dago”. Izan ere, bere ustez Al Marakeb taldea ez da salbuespen bat: “Horrelako hainbat talde daude”.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!