Kontinental mailako talde berriak ez dira beti hasieran ematen dutena. Urrutiko intxaurrak hamalau gerturatu eta lau dio esaera zaharrak, eta txirrindulari askok euren azalean pairatu dute hori. Egoitz Garciak esperientzia txar bat izan zuen iaz Arabiar Emirerri Batuetako talde bategaz. Harrezkero, talderik barik egon da, irailean Bolivia taldeko zuzendari Lale Cubinok deitu zion arte. Normala den moduan, hasieran proiektuagaz errezeloak izan zituen. “Hemengo proiektua zen galdetu eta Boliviakoa zela erantzutean, hasieran apur bat atzera bota ninduen. Neuri gertatutako esperientziak zein beste batzuk gogoratu nituen”, esan du Garciak. Horregatik, proiektu serioa zela segurtatu arte ez zuen baiezkorik eman. “Egia da, baita ere, ezin nintzela egon urte bi lehiatu barik. Bi aukera nituen: proiektu honi baiezkoa eman edo txirrindularitza utzi”, gaineratu du.
Mendira joatea, mendi bizikleta, errepidekoa… Azken batean, “kirola egitea” izan da urte honetan sasoiari eusteko erabili duen errezeta.
Bolivia kontinental mailako taldea izango da estreinako urtean, baina bigarren denboraldiari begira profesional mailarako saltoa eman gura du.
Hegoamerikako taldea den arren, lasterketarik gehien hemen izango dituzte. Beraz, atxondarrak ez du inora mugitu beharrik izango. Aitzitik, boliviarrak izango dira estatura etorriko direnak hemengo txirrindularitza bertatik bertara ezagutzeko. Kolonbiarrek Nairo Quintana duten moduan, boliviarrek ere euren izarrak hezi gura dituzte.
Garciak ez daki oraindik zehatz zein izango den bere rola taldean. Horretaz berba egiteko hastia badago aurrerago ere. “Baina deitu baditate, oraindik maila badudala uste dutelako da. Gero, Boliviatik zein amateurretatik datozenei laguntzeko nire esperientzia eskaini dezaket”, aipatu du. Modu batera zein bestera, “ilusioz” dagoela dio. “Lasterketak hastean urduritasun puntu bat ere izango dut, denbora asko joan delako, baina batez ere gogotsu nago”.