Sorginen Lasterketak mantendu egiten du Anbotoko igoera

Anboto 2016ko ira. 15a, 13:00

Gaur zapaturako dauden iragarpenak ikusita ibilbidean Anbotoko igoerari eusteko moduan egongo direla uste dute antolatzaileek.

Eguraldi iragarpenak ikusita ez dute uste zapatuan baldintza txarragorik emango denik eta momentuz ibilbideari eustea erabaki dute. Hala ere, zapatura arte bertararte itxaron beharko da benetan zer eguraldi egiten duen ikusteko. Ezustean espero baino baldintza txarragoak ematen badira egunean bertan ibilbidea moldatzeko aukera ere zabalik uzten dute.

Aitziber Ibarbia faborito emakumeetan

Parte hartzaileen zerrenda osatzen doa apurka. Oraingoz 130 bat dira IX. Sorginen Lasterketarako izena-eman dutenak. Zapatuan 150 korrikalari inguru batzea itxaroten dute. Emakumeetan Aitziber Ibarbia dator eta garaipena lortzeko faborito argia da. Oraintsu Montanako (Ameriketako Estatu Batuak) lasterketa prestigiotsu batean parte hartu du zizurkildarrak.

Gizonetan jakina zen Aritz Egea etorriko zena eta bera izango da faborito nagusia Julen Ozaeta eta Joanes Goitisoloren aurretik. Egeak Euskal Herriko mendi lasterketen txapelketa irabazi zuen joan zen asteburuan. Proba berean Aitor Ajuria otxandiarra eta Ander Gerrikaetxebarria zornotzarra junior mailako txapeldun eta txapeldunorde geratu ziren.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!