Aritz Egea Euskal Herriko txapeldunak Sorginen Lasterketan parte hartuko du zapatuan

Anboto 2016ko ira. 13a, 09:20

Zabalaunditik igoko dira Anbotora.

Lehenengoz Anboto mendi gainetik pasatuko da eguraldia aldekoa bada. Iragarpenek euri arriskua dagoela baldin badiote ez dira gora igoko. Asteak aurrera egin ahala hartuko dute azken erabakia antolakuntzako kideek.

Lainoak eta ostarteak. Horixe da Euskalmet-en eguraldi iragarpena zapaturako. Baina aldatu egin daiteke. Antolatzaileek iragarpenak gertutik jarraituko dituztela diote eta asteak aurrera egin ahal hartuko dutela azken erabakia. Azkenean, Anboto mendaterako igoera bertan behera uzten badute, Zabalaunditik zuzenean jaitsiko dira Asuntzera.

Batera zein bestera gizonetan Aritz Egea izango da faborito. Domekan Euskal Herriko mendi lasterketen txapelketa irabazi zuen Idiazabalgo Axari trailean (juniorretan Aitor Ajuria otxandiarra nagusitu zen). Oraingoz 100 bat lagunek eman dute izena Sorginen Lasterketan parte hartzeko eta gehienak gizonezkoak dira. Oihana Kortazarrek —Euskal Herriko txapelduna emakumeetan— ezin izango du parte hartu. Urriko azken asteburuan Portugalen jokatuko den Europako Trail txapelketarako hautatuen artean dago eta asteburu honetan ibilbidea bertatik bertara aztertzera joango dira Portugalera. Sorginen Lasterketerako izen-ematea oraindik zabalik dago www.herrikrosa.eus webgunean.

17 kilometroko mendiko proba zapatuan, 11:00etan, hasiko da Axpen (Atxondo). Anbotorako igoeragatik ohi baino laburragoa izango da. Axpetik Santixauko bidegorrira jaitsiko dira handik Arrazolara joateko; Agarre baserritik gora doan aintzinako harbidetik igoko dira Zabalaundira. Ondoren, ibilbideak bere horretan badirau, Anbotora igotzea eta Asuntzera jaistea da plana. Azken tartean Atxarterako bidea hartuko dute; behera heldu aurretik eskumatara hartu eta Artolara igoko dira, AitzTxiki eta Alluitz mendien artean dagoen pasagunera. Handik jaitsiko dira Axpera.

Anboto gaineko segurtasuna

Aurtengo ibilbidea apustu bat da. Antolatzaileek beste mendi lasterketengandik bereizgarria den osagaia gehitu diote ibilbideari Anbotorako igoeragaz. Esperientzia positiboa baldin bada ibilbideari eutsiko diote hurrengo urteetan. Anboto gaineko segurtasunean ahalegin berezia jarri dute. Tontorreko metro batzuk —jaitsierako lehenengo zatia batez ere— nahiko teknikoak dira, kontuz egitekoak. Segurtasunean aditua den lagun bat gunea aztertzen ibili dela azaldu duten antolatzaileek eta aditu horren aholkuak jarraituko dituztela segurtasuna bermatzeko.

Zapatu goizetik eguerdira lehiatuko dute Sorginen Lasterketa. Arratsaldean, toki berean, Axpen, Euskal Herriko Artzai Txakur Txapelketa izango da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!