Abadiñoko probalekuak Euskadiko harri jasotze txapelketa bi hartu zituen atzo. Gizonen harri txikietan txapeldunorde geratu zen Jon Gisasola mallabiarra. Lau harriekin egindako lanagaz 10.600 kilo jaso zituen. Mikel Lopetegi izan zen txapelduna 12.450 kilorekin. Mallabiarrak 26na altxaldi egin zituen harri laukizuzenarekin eta zilindroarekin. Harri kubikoari eta bolari 16 eta 23 jasoaldi eman zizkion, hurrenez hurren. Lopetegik 30 bider altxatu zituen laukizuzena eta zilindroa, eta, 20 eta 27 bider kubikoa eta bola. Txapelketa honetan Eneko Bilbaok osatu zuen podiuma 7.200 kilorekin.
Emakume kinttopekoen harri jasotze txapelketan Goizeder Abendibar mallabiarra txapeldunorde izan zen. Guztira, 3.250 kilo jaso zituen, Maddi Guesalaga txapeldunak baino 300 gutxiago. Biek 26na altxaldi eman zizkioten kubikoari. Zilindroan egon zen aldea: Abendibarrak 39 jasoaldi eman zizkion, txapeldunak baino sei gutxiago. Emakumeetan Maddi Salterain geratu zen hirugarren 3.000 kilorekin.