2025ean Abadiñoko Udalak HAPOaren Hasierako Onespen dokumentua onartu zuenetik, ika-mika egon da udalaren eta Zubibitarteko zenbait herritarren artean. Hasierako dokumentu horrek Zubibitarteko zonaldea industria erabilerako lurzorutik bizitegi erabilerako lurzorura aldatzea proposatzen du. "Jakitun gara HAPOak eragina izango duena herritar batzuengan, eta pertsona kaltetuekin lanean gabiltza kalte posibleak txikiagotzeko. Adibidez, elkarrizketa batzuei eskerrak egindako bideragarritasun teknikoen aztekerta egin eta gero, Zubibitarte 2ko eraikina, Zubibitarte 10eko baserria eta Rótulas El Carnero enpresa kalifikazio-aldaketatik kanpora geratu dira", esan dute udal ordezkariek.
Zeus dagoen pabiloiari dagokionez, ostera, udalak esan du "ezinbestekoa" dela beste erabilera bat ematea Zubibitarte eremua birsortzeko. Eta bost puntu jasotzen dituen konpromisoa hartu du bertako jabeei ahalik eta kalterik gutxien egiteko. "Jabeak kalifikazio horregaz bat ez datozen arren, lurzoruaren erabileraren aldaketa gauzatzen bada egoki ikusten dute udalak honako konpromisoa hartzea", gaineratu du udalak. Hauek dira konpromisoaren bost puntuak: Zeuseko garajeen esparrua egikaritzen den azkena izatea; udalak, beti ere legezko mugen barruan, jardueren erregularizazio administratiboan, hirigintzan eta ekonomian erraztasunak ematea; tasazio objektiboa egitea horrelako lanetan espezializatutako enpresa bategaz; garajeetako jabeek etorkizunean antzeko garaje bat eduki ahal izatea; eta berba egiten jarraitzea akordioak lortzeko.