Zeuseko garajeen jabeek Abadiñoko Udal Gobernuari leporatu diote birkalifikazioa "elkarrizketarik gabe" egitea

Anboto 2026ko martxoaren 12a

Zubibitarteko garaje eta tailerretako 100 kaltetu inguruk batzarra egin dute gaur, informazioa partekatzeko

Jatako eremuan dagoen Zeus garaje-komunitateko kideek batzarra egin dute gaur. Inguru horretako kaltetuek salatu dute udal gobernuko taldearen "inposizioa", orubea bizitegi-lurzoru bihurtzeko. Eragindako 70 jabe inguruk  ohartarazi dute hura botatzeak "kalte funtzional eta ondarezko larria" eragingo liekeela. "Ez da aurkeztu instalazio horiek kentzeko beharra bermatzen duen justifikazio tekniko nahikorik, eta ez dira aztertu hain kaltegarriak ez diren alternatibak". Kritikatu dute, gainera, ez direla baloratu etxebizitza berria eraikitzeko beste kokaleku batzuk, hala nola "Matienako zona jakin batzuk", haien ustez "zentzuzkoagoak" izan daitezkeenak.


Zubibitarte 6ko garaje-komunitateak adierazi du udalak bere alegazioa ez duela onartu  "70 pertsonek ez dutelako proiektua geldiaraziko". Berba horiek "errespetu faltaren" eta "elkarrizketarako borondate ezaren" erakusgarri direla diote kaltetuek. Jabeen ustez, gobernu taldea gaia "presaka eta entzun gabe" izapidetzen ari da, "hamarnaka familiari zuzenean eragiten dien erabakia azkartuz".

Halaber, ohartarazi dute gobernu taldearen erabakiak praktikan "hipotekatuta" uzten dituela garajeak, "blokeo egoera" bat sortzen duelako, eta horrek merkatuan "normaltasunez saltzea" eragozten dielako. Egoera hori beste arazo erantsi bat dela adierazi dute, jabeen artean "ziurgabetasuna eta ezinegona" sortzen baitu.

Egoera horren aurrean, "aldebakarreko jokabidea" salatu dute, eta berretsi dute mobilizatzen jarraituko dutela eta eskura dituzten "lege- eta administrazio-bide guztiak" erabiliko dituztela.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!