Ekaitz Herrera Azkarragak (Abadiño, 1986) Ondarroako Augustin Zubikarai sariketa irabazi zuen iaz, Xabier Mendiguren, Leire Bilbao eta Ana Urkiza epaileek halantxik erabakita. Saria irabazi ondorengo hilabeteak idazketa proiektua garatzen eman ditu, eta goiz honetan aurkeztu du bere lehenengo nobela, Donostian, Elkar argitaletxearen eskutik: Neguberria. Eleberrian 60 urteko Mattinen istorioa kontatu du, lantoki daukan lore-denda zarratu eta unibertsitate giroko ikasle pisu batean bizitzen hasiko den gizonarena. "Mattin hor konturatuko da ez dela behin ere maitemindu, eta unibertsitate giroko horretan hasiko da maitasunaren askotariko aldaerak ezagutzen", azaldu du Herrerak.
Idazleak "samurtasuna, umorea, hausnarketa eta hartu eman disidenteak" josi ditu esaldirik esaldi. Dioenez, "hasiera-hasieratik" izan du "zerbait goxoa, samurra" kontatzeko gogoa, baita "goxotasun erradikala aldarrikatzekoa" ere: "Nork daki… gorrotoa politikoki oso ondo antolatuta dagoen honetan, akaso, goxotasuna ere antolatu dezakegu politikoki. Nobela hau behintzat horrela ulertu daiteke. Mimoak erradikalizatzeko aldarri modura", adierazi du.
Belaunaldiarteko hartu emanak
Goxotasun hori bilatu guran, idazleak pertsonaien arteko adin arrakalan topatu du narraziorako lanabesa. Izan ere, 60 urte ditu pertsonaia nagusiak, baina unibertsitateko adinean daude gainerakoak: "Iruditzen zitzaidan adin desberdintasun hori oso parametro interesgarria izan zitekeela egoera batzuk sortzeko. Umorea, egoera surrealistak, mundu klasikoaren eta modernoaren arteko talka, egoera dramatikoren bat, hausnarketarako pildoraren bat edo beste eta kritika, adibidez". Era berean, belaunaldiarteko harremanak aldarrikatu ditu.
Datozen asteetan, ANBOTOko kazetariak hainbat lekutan aurkeztuko du Neguberria. Azaroaren 12an, Abadiñoko Mediatekan Ainhoa Urien lagun, Azaroaren 26 Durangoko Hitz liburu-dendan eta abenduaren 6an Durangoko Azokako Ahotsenean. Bestalde, Ondarroako kofradia zaharrean aurkeztuko du azaroaren 5ean eta Gasteizko Liburutopian azaroaren 19an.
