Liztor asiarrari aurre egiteko neurri berria hartu dute eskualdean: Durangaldeko erlezainek Urkiolako Parke Naturaleko eremu batera lekualdatu ahalko dituzte beren erlauntzak, liztor asiarrarengandik ihes egiteko. Bide-orri hori zabaldu dute, hain zuzen ere, Urkiola Landa Garapenerako Alkarteak (ULGA) eta Erlete eskualdeko erlezainen elkarteak. Horretarako, ehun erlauntzarentzako eremua atondu dute Parke Naturalean, Abadiñoko lurretan, Bizkaiko Foru Aldundiaren jabetzakoa den zelaian. Erleteren eta ULGAren esanetan, kokaleku horrek "baldintza tekniko eta natural ezin hobeak" ditu erleentzat, eta "erraztasunak" eskaintzen dizkie erlezainei. Batetik, eremua itsas mailatik 700 metrotik gorako altueran dagoelako, eta garaiera horrek "nabarmen" zailtzen duelako liztor asiarraren presentzia. Bestetik, eremuak hego aldera ematen duelako, eta, horrenbestez, erleak haize bolada indartsuetatik babestuta egongo direlako. Hori bai: bete beharreko baldintza bat izango dute erlezainek: eremu horretan egonkortu ahalko dituzten erlauntzak tokiko erlearenak izan beharko dira, hau da, erle beltzarenak (Apis mellifera iberiensis).

Halaber, antzera bateko neurriak hartu dituzte Euskal Herriko eta atzerriko beste hainbat erlezainek. Askok, liztor asiarraren mehatxutik urrundu dituzte erlauntzak, horiek Gorbeiara, Arabako lautadara zein Burgos aldera (Espainia) mugituta. Durangaldeko erlezainen erabakia ildo horretan kokatu dute, hain zuzen ere: "Baldintza horien bitartez, liztorraren erasoetatik babestua egoteaz gainera, gure erlearen genetika zaintzeko eta parke naturalaren oreka ekologikoa errespetatzeko urrats esanguratsua ematen da", adierazi dute Erletek eta ULGAk.
Klimak baldintzaturik
Azken urteotan, liztor asiarraren hedapenak egoera larrian ipini du lurraldeko erlezaintza. Aldaketa klimatikoak, beroteek eta sikateek arazoa handitu baino ez dute egin. "Izan ere, jasaten ari garen klima egokia da espezie inbaditzaile horren ziklo biologikoarentzat, bere ugalketa eta zabalkundea errazten duelako". esan dute ULGAk eta Erletek. Era berean, sikateek eta tenperatura altuek erlea bera ahultzen dute, landareen nektarra eten egiten delako, eta, ondorioz, erlauntzara sartzen den elikagaia murriztu egiten delako.
