'Auzo baten oihua' izango da Traña-Matienako herri eskolaren mendeurreneko leloa. Ez da kasualitatez erabakitako goiburua. Izan ere, azken ehun urteetan auzoaren bihotzetako bat izan da eskola, hainbat belaunaldiren topagune eta erreferentzia. Milaka ikasleren abenturak, irakasleen irakaspenak eta auzo oso baten bizipenak batu ditu bere hormen artean. Orain, mendeurrena ospatzeko, oihua lau haizeetara zabalduko dute. Horretarako, urte osoko ospakizuna diseinatzen dabiltza, gaur 17:00etan hasiko den jaialdiagaz abiatuko dena. Roberto Perez Ingunza Ikasleen Gurasoen Elkarteko kidea, Ikerne Gallastegi Olabarriaga irakaslea, Ines Lasuen Retolaza eskolako zuzendaria eta Xabier Agirre Bollar idazkaria eta mendeurreneko ospakizuna antolatzeko lan batzordeko kideak dira.
Zer sentipen sortzen dizue mendeurrenak?
Ines Lasuen: Ohore handia da, eta baita erantzukizun handia ere. Jende askoren lanari eskerrak gabiltza urteurreneko ekintzak prestatzen. Eskolako ikasle izandakoen edo beste hainbat jenderen partetik sare bat sortu da eta jasotako laguntasuna aberasgarria izaten ari da.
Xabier Agirre: Opari bat da, baina baita ardura handia ere, atzetik duen guztiagaitik. Baina harrotasunez eta ilusioz hartu dugu, historia egiten gabiltzan sentipenagaz. Urteurrenak merezi duen ospakizuna antolatzea dagokigu orain. Oso pozik gaude lantaldeagaz, eskolatik kanpoko jendea ere batu delako. Laguntzeko prest daude eta interes hori sentitzea pozgarria da beti.
Roberto Perez: Hasieran bertigo apur bat sentitu nuen. Mendeurrena, alajaina! 100 urte zifra esangurtasua da. Baina aldi berean poza ere sentitu nuen, hain urteurren inportantea biziko dugulako.
Zer aurreratu daiteke gaurko ekitaldiari buruz?
I.L.: Sorpresa asko egongo da eta horiek egunean bertan deskubritzera gonbidatzen dugu jendea. Herriko hainbat elkartek parte hartuko dute. Elkarteetako kide asko eskolan ibilitakoa da. Ekitaldiak hainbat osagai izango du. Ondoren, umeentzako ekintzak eta erromeria egongo dira.
X.A.: 'Auzo baten oihua' da mendeurreneko leloa. Oihu hori elkarteei ahotsa emanez islatzen ahalegindu gara eta elkarte guztiak prest agertu dira. Erantzuna oso ona izan da, badakitelako eskolak auzo honen nortasuna sortzen lagundu duela.
I.L.: Jaialdian mendeurreneko logo berria ere aurkeztuko dugu. Umeek sorturikoa da. Iaz logo lehiaketa egin genuen eta irabazle bi egon ziren. Logo biak batean fusionatu ditugu eta gaur erakutsiko dugu emaitza.
Ikasle ohi batzuek abesti bat egin dute mendeurrenari begira. Jaialdian estreinatuko da?
X.A.: Bai, gaur estreinatuko dugu. Batzordeko kide batek esan zuen eskolako hainbat ikasle ohigaz osaturiko talde bat zegoela Traña-Matienan, Baske Street Boys, eta eurei proposatzea erabaki genuen. Arimaz eta nortasunez beteriko abestia egin dute, eta horixe gura genuen, eta ez adimen artifialagaz egindako zeozer, bat ere arimarik bakoa. Gainera, abesti horregaz bideoklip bat egin da eta eskola umeek parte hartu dute bertan. Horrela, komunitate osora zabaldu dugu parte hartzea.
I.L: Indar handiko abestia da eta igartzen da eskola barrutik bizi izan duen batek sorturikoa dela.
Ospakizuna urte osora zabaldu duzue eta 2027ko ekainean beste jaialdi bat egongo da kolofoi legez.
Ikerne Gallastegi: Bai. Ehun urteak urte osoan ospatuko ditugu eta 2027ko ekainean jai erraldoi bategaz amaituko dugu. Ekimen sortaren barruan, besteak beste, eskolari buruzko dokumentala dago. Bideografik ekoiztetxea dabil lan horretan. Eskolaren ibilbidea errepasatuko du, protagonista askogaz.
R.P.: Hile tematikoak antolatzea da gure asmoa, hau da, hile bakoitzean gai konkretu baten inguruko ekintzak, irteerak eta abar egitea. Oraindino forma ematea falta zaigu, baina ideiak badaude egon.
Eskolak Traña-Matienaren izaera sortzen lagundu duela diozue. Zer ekarpen egin dio eskolak auzoari?
X.A.: Auzoko zentroa eta erreferentziazko gunea izan da. Ume asko hemen hezi da.
I.L.: Eta elkargune bat ere izan da, eskola orduetan zein handik kanpora.
I.G.: Azken batean, eskola honetan euskaldunen seme-alabak eta Gaztela eta Leon, Extremadura eta beste hainbat tokitatik etorritakoen seme-alabak batu gara. Bai, elkargune bat izan da eta horrela jarraitzea gura dugu.
Gaur egun zelakoa da Traña-Matienako herri eskola arlo akademikoan zein handik kanpora? Zer ezaugarri azpimarratuko zenituzkete?
I.L.: Aniztasun handiko eskola da, multikulturala. Horrez gainera, etengabe berrikuntzaren eta formakuntzaren aldeko apustua egiten dabilen eskola da, metodologia eguneratuagaz. Ikasten eta lanketa berriak egiten gabiltza beti. Auzolanak bizi-bizirik jarraitzen du. Guraso elkarteak laguntza ikaragarria eskaintzen dio eskolari. Ekintza asko euren laguntzari eskerrak irteten da hain ondo.
Zelan imajinatzen duzue eskola hemendik hamarkada batera edo bira?
I.G.: Komunitate sendoa duen eskola izaten jarraitzea gura nuke. Jaiotze-tasa beherantz doala kontuan hartuta, auzoko eskola edo komunitate izaera duen eskola izatera bideratuta dagoela esango nuke. Horregaitik, auzuneagaz lotura estua mantenduko duen eskola izatea garrantzitsua da.
Zergaitik joan behar dute eskola komunitateko kideek, ikasleek, ikasle ohiek, irakasleek, gurasoek… ospakizunetara?
I.L.: Denen ospakizuna izatea gura dugu. Ez da gaur egun eskolan daudenei bakarrik bideratutako zeozer. Eskolatik pasatu diren denak eskolaren parte dira, eta baita etorkizunean izango direnak ere. Eurak denak ere ospakizunera eta ekintzetara batzea gustatuko litzaiguke. Eskolak besoak zabalik ditu denentzat. Zenbat eta parte hartze handiagoa eta zabalagoa izan, orduan eta aberatsagoa izango da ospakizuna.
I.G.: Azken batean, eraikinaz eta zementoaz gainera, pertsonek egiten dute eskola.