Matienako Eskoletako lehenengo ikasturtea 1926-1927koa izan zen, 50 bat ikaslegaz. Ordura arte Traña-Matienatik Zelaieta auzoko eskola nazionalera joaten ziren, oinez. Matienako eskola zabaldu zutenean, ez zuten zertan Zelaietara joan. "Gure moduko ume txikientzat gogorra zen egunero Abadiñoraino oinez joan behar izatea; euria eta elurra egin arren ere, joan egiten ginen eskolara", gogoratu zuen liburuan Sabina Zuberok.
Liburuko beste zati bat, hauxe: "Zelakoa zen eskola berria?" "Eskolak patio txiki bat zeukan eta bertan baranda txiki bat zegoen geletan sartzeko. Sarrera batek sukaldera ematen zuen. Kantoian banderaren makila zegoen, eta hormaren ondoan lorategi txiki bat, oso polita. Gainerako landa handia zen eta arbola itzelak zeuden". Benito Munitxarena da erantzuna.
Maistrarik onena
Irakasleak gogoratzerako orduan, denak bat zetozen Julene Azpeitia andereñoari zegokionez. "Sekula izan dugun maistrarik onena" izan zela diote. Euskal idazle, irakasle eta euskaltzale ezaguna eskola zabaldu eta handik hile bira batu zen bertara, 1926ko irailean, eta gerra hasi eta geroagora arte geratu zen eskolan, 1937ra arte. "Zalantzarik barik, Julene Azpeitia izan zen Matiena auzoko maistra nagusia", jasotzen du liburuak. Gainera, eskolan egon zen bitartean, Azpeitia zen Abadiñoko Udalagaz eta Aldundiko Irakaskuntza Ikuskaritzagaz hartu-emanetan egon zena. Eskolako diziplina modu onean gogoratzen dute. "Diziplina handia zegoen eskolan. Maistrak zorrotzak ziren, baina ez gintuzten zigortzen. Bueno, batzuetan bai, baina ez gintuzten jotzen beste leku batzuetan egiten zuten legez. Asko ikasi behar izaten genuen eta nik neuk orduantxe ikasi nuen dakidana", gogoratu zuen beste ikasle ohi batek, Zuberok.
Ostegun arratsaldetan ez zegoen klaserik, baina zapatuetan bai. Egun horietan eskulanak egiten zintuzten. "Bakotxak bere beharrean egin beharrekoak erakusten zizkiguten. Neskak etxeko lanak egiten genituen eta mutilek ortuan egiten zuten lan", azaldu zuen libururako Guadalupe Lizundiak.