Modu berezian hasi dituzu sanprudentzioak aurten.
Bai, egundokoa izan da. Ez daukat berbarik herritarrei emandako errekonozimendua eskertzeko. Momentu hartan egin behar zena egin genuen, eta denon onerako izan zen. Beti aritu naiz horrela. Eskerrik asko, ez daukat beste berbarik.
Zelan gogoratzen duzu pandemia garaian egindako lana?
Larrialdi zerbitzuetan lan egiten nuen. Etorriko zenerako ez zegoen ezer aurreikusita, ezer prestatuta, eta genituen baliabideekin ahal izan genuena egin genuen. Babeserako ekipamenduen ordezkoak sortu genituen, zelan-halan. Materiala biltzeko, hainbat lekutatik babes handia jaso nuen: sare sozialen bitartez egin nuen deialdia, profesionalak babesteko eta segurtasunez ahalik eta zaintzarik onena emateko helburuagaz. 1.000 kilometro egin genituen, eta mila esker Geu Be elkarteari furgoneta uzteagaitik. Egunero 07:00etan esnatzen ginen babes materiala batzeko. Beharrizanik handiena egoitzetan zegoen. Premiarik handiena zutenen beharrizanei erantzuten ahalegindu ginen.
Asteburu luze bi dituzu aurretik. Zein da plana?
Ondo pasatzea, jai giroan. Sanprudentzioetan gozatzea da nire plana, ahalik eta ekintzarik gehienetan parte hartuta. Jaiak lagunekin eta auzokoekin gozatuko ditut. Izan ere, Traña-Matienak badu zeozer berezia: herri legez elkartzen gara jaietan. Bestela ere bai, baina sanprudentziotan gehiago igartzen da hori.
Zer ekintza ez duzu ezergaitik ere galduko?
Mozorro eguna, paella lehiaketa, kontzertuak... ahal dudan guztietan parte hartuko dut. Gorputzak eusten duen bitartean, jakina, dagoeneko ez ditugu 20 urte eta (barrez).
Zelan ikusten duzu giroa? Zelako jaiak dira sanprudentzioak?
Sekulakoak dira! Adin askotariko jendea batzen gara eta berdin digu zein pentsamendu duen albokoak. Denok sentitzen gara Traña-Matienakoak, eta denok batera goaz. Deskribapen ona da, ezta?
Beti izan zara laguntzeko pertsona. Elkarri laguntzeko joera hori ikusten duzu sanprudentzioetan?
Aurten gazte asko ikusi dut Donien Atxa jasotzen. Badago harrobia, ona gainera, eta horrek ilusioa pizten dit. Gazteria jaiekin eta herriagaz oso konprometituta ikusten dut.
Oroigarri bat eman zizuten San Prudentzio bezperan. Leku bereziren batean ipiniko duzu?
Etxeko egongelan, egunero ikusi ahal izateko. Gainera, nire lagunik onenetariko batek egin du, Eneko Muruak. Eskerrak emateko aprobetxatu gura dut. Gainera, Trañako Gudariak futbol taldeko misterra da. Egun askotan egoten gara elkarregaz, baina 'azeri' horrek isil-isilean izan du kontu hau (barrez).
Desio bat aurtengo jaietarako?
Inolako eraso edo biolentziarik ez egotea. Giro ona sortzea eta denok jaiez disfrutatzea. Horixe da Traña-Matiena, auzo elkartua, eta denak dira ongi etorriak.
Motzean
Jaietarako menua?
Arroza. Gauean, ogitartekoa.
Edaria?
Kalimotxoa eta Gin-tonica
Ibuprofenoa ala parazetamola?
Parazetamola.
Gaupasarik luzeena?
Ez dut inoiz egin. Batzuetan gauak harrapatu arren, gurago dut eguna. Kuadrilla osoa elkarrekin egoten gara.