Traña-Matienako jaiak

Hamabi Harri auzo elkarteak jaurtiko du txosnetako txupinazoa, apirilaren 30ean

Jone Guenetxea 2026ko apirilaren 28a

Donien Atxa jasota,  martxan ipiniko dituzte San Prudentzio jaiak. Eta jaien bigarren abiatze bat ere izango da, txosnen irekiera iragarriko duena, hain zuzen ere. Txosnagunearen txupinazoa jai giroaren eta parrandarako asteburu luzearen aurrekaria izango da. Aurten, Traña-Matienatik gertu dagoen auzoko elkartea izango da txupina jaurtiko duena: Hamabi Harri auzo elkartea. Beraz, Gerediaga auzoko bizilagunak jaietan protagonista izango dira.

Elkarteko kideek gogoratu dutenez, orain urte batzuk San Prudentzioetan txosna ipintzen zuten, auzo elkartearen finantziazioa handitzeko. "Txosnaguneko kide izan ginen urte pare batez, eta oso polita da orain gugaz gogoratzea txupinazoa botatzeko", azaldu du Kepa Bengoa Hamabi Harriko kideak.

22 urte martxan
2004ko uztailean hasi ziren Hamabi Harri auzo elkartea eratzen. Sasoi hartan, Gerediagako ermitaren eta foru zelaiaren obrek eta inguruaren itxierak kezka sortu zuten auzokideen artean. Urte hartako azaroan, elkartea juridikoki sortu zuten, antolatzeko eta auzo izaera indartzeko tresna legez. Indar handiz defendatu zuten Gerediaga ingurua zabalik mantentzea, auzoaren eta herritarren eremu legez erabiltzeko. Harrezkero, inguru hori zabalik egoten da eta auzoko Salbadore jaiak ere bertan antolatu eta egiten dira.

Auzo elkartearen sorreraren aurretik ere jai batzordea martxan egon da Gerediaga auzoan, 1973tik. Gainera, jai batzorde hori beti izan da jaiak antolatzen dituen talde bat baino gehiago.

Jaiak prestatzen
Orokorrean auzoetako jaiek apurka-apurka indarra galdu duten arren, Gerediaga auzoan mantendu egin dituzte, auzokideen lanari eta konpromisoari eskerrak. 2026ko jaiak ere prestatzen dabiltza dagoeneko. Durangaldean, udako jaietan erreferentzia izaten dira. Hartara, Auzo elkarteko kideek Traña-Matienako jaietan parte hartzera deitu dute, eta gogoratu dute abuztuan Gerediagako jaien txanda izango dela. Aurten, gainera, egutegiak hala markatuta, ohikoa baino geroago izango dira, abuztuaren 5etik 8ra bitartean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!