Kuadrillak 17:00etan batuko dira Trañako zubian, eta, ondoren, Donien Atxaren bila joango dira. 19:00etan, urteetako errituala egingo dute, hau da, Bodeguillan Donien Atxa sartu eta hiru kolpe emango dizkiote tabernako hormari. Bodeguilla taberna zarratuta dago, baina Donien Atxari harrera egiteko, Javier Gaztelurrutiak ordu batzuez zabalduko du. Ondoren, Zubibitarte, Trañabarren eta Laubideta kaleak lotzen dituen bidegurutzean altxatuko dute txopoa, jaiak martxan daudela dioen ikurra. Jaien hasierako ekitaldia borobiltzeko, urtero legez Iluntze taldearen dantza saioa egongo da, eta urteko herritar ospetsua saritzeko ekitaldia egingo dute. Gero, kalejira egongo da Joselontxos fanfarreagaz.
Apirilaren 27tik maiatzaren 10era bitartean, Abadiñoko Udalak eta Jai Batzordeak etenik bako jarduera sorta prestatu dute elkarlanean. Egitarau zabala prestatu dute adin eta gustu guztientzat. "Herritar guztiak gonbidatu gura ditugu jaiez gozatzera eta programatutako jardueretan parte hartzera, beti ere errespetuz", azaldu du gobernu taldeak.
Maiatzaren 1ean, esaterako, herritarrek euren mozorrorik irudimentsuenak kalera ateratzeko aukera izango dute. "Munduko mitologiak" da aurtengo gaia mozorrotzeko. Eguerdian herri bazkaria egongo da, eta 19:00etan mozorro kalejira. Hurrengo egunean paella eta tortilla txapelketak egongo dira.
Bigarren asteburuan bertso saioa, San Prudentzio esku pilota txapelketa, Gazte Eguna, herri kirolak eta nagusien bazkaria egongo dira, besteak beste.
Musika eskaintza zabala
Musikari dagokionez, eskaintza zabala egongo da. Apirilaren 30ean Haize-Arrosa taldearen kontzertua egongo da, eta baita JKRmona&Berros DJak ere. Maiatzaren 1ean Ainke, Impuesto Revolucionario eta Josetxu Piperrak taldeen kontzertua egongo dira. Maiatzaren 2an Malakias arituko da Traña plazan, eta Orquesta Génesis Trañabarren etorbidean.
Bigarren asteburuan Zirkinik Bez erromeria eta Maruxak, DJ Kuku eta DJ Inshore arituko dira Traña plazan.
Erasoen aurka
Jai eremuan gertatu litezkeen erasoei aurre egiteko, udalak indarkeria matxistaren aurkako informazio eta arreta gunea ipiniko du. Herritar guztiek kontzientzia hartzea lortu gura du udalak, eta erasoren baten biktima izan diren zein erasoren bat edo egoera deserosoren bat ikusi duten herritarrak artatuko dituzte bertan.